Mende laurdeneko bidea ospatzeko ekintzak egingo ditu Zumaiako Nagusilan elkarteak

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 29a

Nagusilanen lan egiten duten boluntarioetako batzuk eta udal ordezkariak, gaur eskaini duten agerraldian. (M. Txintxurreta)

Nagusilan elkarteko Zumaiako taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta mende laurdena ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu datorren asterako. Ostegunekoa izango da ekintza nagusia: Zilarrezko Hariaren dei solidarioen sprinta egingo dute Oxford aretoan.

Nahi gabeko bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntzeko asmoz jarduten duen Zumaiako Nagusilan elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta mende laurdena ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dutela iragarri dute Joserra Ezenarro Nagusilan orokorreko lehendakariak, Maria Luisa Ubera eta Sabina Lopez Atxurra Zumaiako taldeko boluntarioek eta Iñaki Ostolaza alkateak gaur udaletxean eskaini duten prentsaurrekoan. Ostegunean egingo dute ospakizuneko ekintza nagusia: Zilarrezko Hariaren dei solidarioen sprinta.

Gaur egun, Hego Euskal Herri osoan lan egiten du Nagusilanek, baina elkartea Gipuzkoan sortu zen 2005ean. Handik sei urtera saretu zen taldea Zumaian, Jose Luis Elosua herritarraren ekimenez, eta hari eskerrak emateko baliatu dute gaurko agerraldia. Gaur-gaurkoz, 27 bolondresek osatzen dute Zumaiako taldea, eta gehiago dira Urola Kosta mailan, Azpeitian eta Zarautzen ere Nagusilaneko talde bana baitago.

Udaletxeko agerraldian ohartarazi dutenez, adinez aurrera egitearekin batera "bakardade sentipena areagotu egin daiteke", eta sentipen hori arintzeko asmoz, ekintza desberdinak egiten dituzte Zumaiako Nagusilan elkarteko bolondresek. Hala, San Juan eta Otezuri egoitzetara joaten dira bingoa eta kantu tailerrak dinamizatzea astean bitan; herriko kaleetan zehar Tipi-tapa adinekoentzako ibilaldiak gidatzen dituzte Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean; eta laguntza pertsonalizatua ere eskaintzen dute. "Egoitzetako arduradunek baloratzen dute nork behar duen laguntza mota hau, eta horrela, egoiliar batzuk boluntarioen bisitak jasotzen dituzte, edo paseoak ematen dituzte beraiekin", esplikatu du bolondres lanetan hogei urte baino gehiago daramatzan Maria Luisa Uberak.

Gainera, Zumaiako Nagusilanek bestelako ekintza batzuetan ere parte hartzen duela gogoratu dute agerraldian; besteak beste, Zumaiako janari bilketa koordinatzen du, herriko esklerosi anizkoitzaren kanpainan laguntzen du eta nola Zumaiako Nagusien Mahaiko eragileetako bat da.

Lan horregatik guztiagatik eta Zumaian "ongizatea, hurbiltasuna eta elkartasuna" eskaintzen eta nahi gabeko bakardadearen aurrean elkarlana saretzen duen taldea zoriondu du Joserra Ezenarrok. Alkateak, halaber, ziurtatu du Zumaiarentzat "ohore" bat dela talde horren laguntza jasotzeko aukera izatea. 

Zilarrezko Hariaren sprinta

Zilarrezko Hariaren dei solidarioa da Nagusilanek eskaintzen duen zerbitzuen artean garrantzitsuenetakoa. Zerbitzua eskatzen duten adineko pertsonek elkarteko kide baten deia jasotzen dute astero. "Pixkanaka konfiantza sortzen da boluntarioaren eta adineko pertsonaren artean, eta badaki hariaren beste aldean entzungo duen lagun bat dagoela", nabarmendu du Sabina Lopez Atxurrak.

Zerbitzu hori herritarrei erakusteko helburuz, Zilarrezko Hariaren dei solidarioen Sprinta antolatu dute datorren ostegunerako, elkartearen 25. urteurrenerako prestatu duten egitarauaren baitan. Urtean zehar eskaintzen duten zerbitzu hori ezagutzeko eta probatzeko aukera emango diete herritarrei. Hala, 10:00etatik 14:00etara, Zilarrezko Hariaren erakuslehioa bilakatuko dute Alondegiko Oxford aretoa, herritar talde bat adineko pertsonei deiak egiten ariko baita bertan. Antolatzaileek esplikatu dutenez, herritar ugari agertu da sprintean deiak egiteko nahiz jasotzeko prest. Deiak egingo dituzten herritarren artean, kulturaren, kirolaren, edo hainbat eragiletako ordezkariak izango dira, eta telefonoaren beste aldean egongo dira, Zilarrezko Hariaren ohiko erabiltzaileez gain, esperientzia lehenengo aldiz probatzera animatu diren herritarraak. Agerraldian nabarmendu dutenez, "Nagusilan eta Zilarrezkoa Haria zer diren ezagutzeaz gain, adin nagusiko pertsonen bakardadearen inguruan gogoeta egiteko eta zer egin dezakegun hausnartzeko" balio dezake hilaren 4ko ekitaldiak.

Bestalde, jakinarazi dutenez, Oxfordera hurbiltzen diren guztiek aukera izango dute beraien iritziak, esperientziak eta ekarpenak elkarbanatzeko, bertan egongo den koadernoan idatzita. Koaderno hori Gipuzkoan antolatuko dituzten gainerako sprint ekitaldietara eramango dute, lurralde osoko herritarren ekarpenak jasotzeko.

Nagusilanen 25. urteurreneko ekitaldiak, baina, astelehenean hasiko dira. Egun horretan, Zumaiako bolondresek bazkaria egingo dute, eta elkartean hainbat urtetan lanean aritu diren herritarrak omenduko dituzte.

Asteartean, bestalde, Otezuri eta San Juan egoitzetan ekintza bereziak egingo dituzte egoiliarrekin, eta berdin egingo dute asteazkeneanTipi-Tapako erabiltzaileekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide