Behar bereziak dituzten haurrentzako surf ikastaroak eta festa antolatu dituzte aurten ere

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 27a

Surf inklusiboa sustatzeko egitasmoaren antolatzaileak eta kolaboratzaileak, Zelai talaso-hotelean egindako aurkezpenean. (M. Txintxurreta)

Iaz bezala, ekainaren amaieran hasi eta irailaren hasierara arte, behar bereziak dituzten haur eta gazteei zuzendutako surf ikastaroak eskainiko dituzte astean birritan. Gainera, surf festa inklusiboa antolatu dute uztailaren 18rako.

Behar bereziak dituzten haurrek surfa eta paddle surfa ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izango dute aurten ere Itzurun hondartzan. Ekainaren amaieratik irailaren hasierara bitartean ikastaroak eskainiko dituzte astean bitan, eta uztailaren 18an, halaber, surf festa inklusiboa egingo dute.

Zumaiako Ziske elkarteak urtero antolatzen duen Surfestan behar berezidun haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ikastaroak eskaini zituzten 2024an lehenengo aldiz, eta CaixaBankek, CaixaBank Fundazioak, Zumaiako Udalak eta Ziskek hauspotutako lankidetzari esker, ikastaro horiek uda osora zabaltzea lortu zuten iaz. "Arrakasta izan zuen", ziurtatu du azaldu zuen Maria del Villar Ferrer CaixaBankeko kideak gaur arratsaldean Zelai talaso-hotelean egindako agerraldian.

Arrakastaz jabetuta eta ume guztiei "itsasoaz gozatzeko aukera" emateko helburuarekin, berdin egitea erabaki dute aurten ere: astearteetan eta ostegunetan eskainiko ditutze ikastaroak, eta egun bakoitzean bi txanda sortzen saiatuko dira, 16:00etatik 17:30era lehenengoa eta 17:30etik 19:00etara bigarrena. 

Printzipioz, ikastaroak 4 eta 18 urte bitarteko haurrei eta gazteei zuzenduko zaizkie, baina adinez nagusia den norbaitek parte hartu nahi badu, aukera izango duela adierazi dute antolatzaileek. Izena emateko, villarferrer@gmail.com helbidera idatzi beharko da, eta 50 euroko kuota ordaindu. 

Uztailaren 18an, festa

Gainera, datorren uztailaren 18an Surf Festa Inklusiboa egingo dute Itzurun hondartzan. Orain arte, Ziskek urtero antolatzen duen Surfestaren baitan antolatu izan dituzte behar bereziak dituzten haurrentzako ekintzak, oraingoan, baina, festa egun propioa izango dute.

Ikastaro irekiak eskainiko dituzte egun horretan, hau da, izena eman gabe dauden haur eta gaztetxoek ere parte hartzeko aukera izango dute, horregatik, antolatzaileek herritarrei dei egin diete bolondres gisa lagun dezaten. 

Egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, iaz behar bereziak dituzten 19 haur eta gaztek parte hartu zuen festan, eta zortzik surf ikastaroetan.

Kirol inklusiboa zabaldu

Aitor Manterola Zumaiako Udaleko kirol zinegotziak eskerrak eman dizkie CaixaBankeko nahiz Ziskeko kideei horrelako egitasmoekin kirol inklusiboa sustatzeagatik. 

Hark nabarmendu duenez, kirol egokituaren inguruko lanketa bat martxan jarri nahi du udalak. Bide-orria definitu gabe duten arren, adierazi du behar bereziak dituzten herritarren beharrak ezagutzeko deialdi bat egitea litzatekeela lehenengo pausoa, eta inklusioa herriko kirol talde guztietara zabaltzeko formulak asmatzearen alde agertu da.

"Horretarako, funtsezkoa da kirol elkarteen arteko harremana, eta horrelako ekimenek aukera ematen dute elkar ezagutzeko eta saretzeko", esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide