Handiak gurtzeaz gain, txikitik eragin behar

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 15a

Eire taldeko kideak, solasaldiaren aurretik eskaini zuten emanaldian. (M. Txintxurreta)

Eire Salegi, Eire Maia, Ainhoa Urteaga eta Oihana Rodriguez musikariek Euskal Herriko musika eszenaren inguruan hausnartu zuten joan den ostiralean Torreberri gaztetxean. Gaztiok Piztu eragileak antolatu zuen tertulia.

Euskal Herriko musika eszenaren argi-ilunez, emanaldi makroen arriskuez nahiz zirkuitu mikroetako musika aniztasunaren beharraz aritu ziren joan den ostiralean Eire Salegi, Eire Maia, Ainhoa Urteaga eta Oihana Rodriguez herriko musikariak Torreberri gaztetxean. Konfiantzazko giroa nagusitu zen Gaztiok Piztu eragileak antolatutako tertulian, eta hizlarien hausnarketa mamitsuez gain, musika akustikoaz gozatzeko aukera izan zuten gaztetxera hurbildu ziren herritarrek.

Solasaldia hasteko, atzera begirako azkar bat egin zuten Torreberriko oholtzara igo zirenek. Bakoitzaren ibilbidearen berri eman zuten, musikara zerk lotu zituen azaldu, eta umetan zituzten erreferenteen gainean hausnartu zuten. Duela hiruzpalau urte Akaleia bakarkako proiektua martxan jarri zuen Rodriguezek, kasurako, aipatu zuen erreferenteak izan zituela, baina ez bere izaera edo estiloa ordezkatzen zutenak, eta emakume musikarien kasuan "popstar" figura ordezkatzen ez duten erreferenteak falta direla esan zuen. Eire taldeko kideek, aldiz, gizonezko erreferenteen nagusitasuna jarri zuten zalantzan. "Urteekin konturatu naiz izan ditudan erreferente guztiak gizonak zirela. Beraz, gogorra da esatea, baina kontzienteki hasi behar izan nuen emakumeak entzuten", aitortu zuen Maiak. "Nik ekoizlearen rola ere badut taldean, eta alde horretatik, erreferente gutxi izan ditut: emakume gutxi ikusten dira lan horretan", gaineratu zuen Salegik.

Eire Salegi: "Gaztetxeak elikatu behar dira, musikari gisa eta herritar gisa"

Bestalde, Rodriguezek baieztatu zuen punka eta rocka bezalako estiloek dutela hegemonia Euskal Herriko zenbait musika zirkuitutan –gaztetxeetan, adibidez–, eta eskaintza hori zabaltzearen alde agertu ziren gainerako hizlariak ere. "Segun zer espaziotan, sentitu izan dut ez genuela jotzeko eskubiderik. Gogoan dut behin, herri batean, Berri Txarrak izan nahi zuen talde batek jo zuela lehenengo, eta gu hasi ginenean, mundu guztiak bizkarra eman zigula. Badirudi pop musika egiten dugunok ez dugula zilegitasunik, punkak beti izan du zilegitasun gehiago", elkarbanatu zuen Maiak. Ildo horretatik, aldarrikapen bat egin zuen bere taldekideak: "Nahiko genuke demostratu gaztetxea izan daitekeela espazio bat pop musika entzun daitekeena, bestelako musika estiloak entzun daitezkeena".

Eire taldeko musikariak moderatzailearen ezkerretara, eta Oihana Rodrigez nahiz Ainhoa Urteaga, eskuman, gaztexean eskaini zuten hitzaldian. (M. Txintxurreta)

Urteagak, berriz, haratago eraman zuen eztabaida. Musika estilo batzuek "onarpen gehiago" dutela esan zuen hark ere, baina gaineratu zuen, estiloetan bezala, musikan orokorrean antzeman daitekeela hutsunea: "Herriko txarangan ibili naiz ni, bandan ere bai, eta gazte gutxi ikusten ditut hor. Musikan parte hartze aktiboa, oro har, jaisten ari denaren sentsazioa dut".

Espektatibetan sakonduz, laurek ziurtatu zuten oholtzaren gaineko presioa ez dela berdina gizonentzat eta emakumeentzat. Emakumeek edo bestelako genero disidenteek gehiago demostratu behar dutela esan zuten hizlariek, gizonei baino gehiago exijitzen zaielako. "Batzuetan, ikusten dituzu gizon batzuk oholtzan edozer gauza egiten… jo! Gu, bitartean, hemen gaude, kristoren lana egiten, eta uneoro demostratu behar dugu egiten dakigula", kritikatu zuen Salegik. "Gizonek ere presioa sentitzen dute, ados –gaineratu zuen Akaleiak–. Baina emakume bati eskatzen zaio nola mugitu behar duen, nola ez…".

Handikeriez

Duela bi urte, Alex Sardui Gatibu taldeko abeslariak komunikabide batean baieztatu zuen musika arloan ez direla emakumeak diskriminatzen. Adierazpen horiek gaitzesteko agiri bateratua sinatu zuten 150 emakume eta genero disidente inguruk, horien artean, Eireko musikariek eta Oihana Rodriguezek. Gaztetxeko oholtzatik ere halako gizonkeriak kritikatu zituzten Zumaiako musikariek. "Orain dela urte batzuk asko jarraitzen nuen Gatibu, baina horrelako gauzak entzuterakoan, transmititzen didana hain da negatiboa… Ezin dut sinetsi nola errekuperatu den Sardui sozialki, ez dut ulertzen Gatiburen azken kontzertuan kolaboratu zuen jendea", esan zuen Urteagak. Gaztetxeko solaskideek gogor salatu zituzten, halaber, Euskal Herriko hainbat emakume musikariren kontra Oscar Cubillo kazetariak egin izan dituen testu misoginoak. Salegiren ustez, Sarduik esandakoak edo Cubillok idatzitakoek bat egiten dute gizartearen despolitizazio "gero eta handiagoarekin", eta ildo horretatik, hizlariek positibotzat jo zuten horrenbeste emakumek aipatutako agiria elkarrekin sinatu izana. Are, musikariak ere subjektu politikoak direnez gero, ardurak hartu behar dituztela baieztatu zuten hizlariek. "Politikak arlo denetan eragiten du. Artea arma politiko garrantzitsua da, eta guk ere ekarpena egin behar dugu", berretsi zuen Salegik.

Bada, gizonkeriez gain, zurikeria eta handikeria ere izan zituzten hizpide. Rodriguezek eman zion bide eztabaidari: "Taldeok eragin politiko bat dugu, baina gure hitzek baino eragin gehiago dute artista gisa hartzen ditugun erabakiek, pentsatu behar dugu zer ekarpen egin diezaiokegun mugimendu politiko bati. Euskarari, adibidez. Euskaraz abesten duten talde handi asko daude, euskararen aldeko diskurtso politikoa dutenak. Baina ez dituzte zenbait eragile babesten dirurik ez badago atzean", esan zuen. "Politikoki babestuta dauden eta laguntza asko jasotzen dituzten taldeek oso mezu zuria dute", berretsi zuen, halaber, Urteagak.

Ainhoa Urteaga: "Politikoki babestuta dauden musika taldeek oso mezu zuria dute"

Onartu zuten musikarena sektore prekarioa dela, eta ondorioz, ez dela erraza erabateko koherentzia izatea diru kontuak tartean sartzen direnean. "Hontaz bizi nahi baduzu, nola edo hala men egin behar duzu. Erabaki oso zailak dira", adierazi zuen Salegik. Hala ere, kritikatu zuten "talde handi" horiek musikaren merkantilizazioan kolaboratzen dutela, adibidez, kontzertuak urtebete lehenago iragarriz edo futbol estadioak betetzeko beharra elikatuz. "30.000 pertsona San Mamesen? Ez dakit noiz arte iraungo duen honek. Ematen du 5.000 pertsonaren aurrean kontzertu bat ematea porrota dela. Orduan, beste guztiok zertan ari gara?", galdetu zuen Maiak.

Hizlariek nabarmendu zuten zilegi dela urtean behin kontzertu handi batera edo jaialdi batera joatea, baina ohartarazi zuten horrek ez duela laguntzen kultur ekoizpenaren giharra indartzen. Kulturaren eta musikaren oraina eta geroa, baieztatu zutenez, gaztetxeetan eta areto txikietan dago. "Jaialdiak teilatua badira, oinarria gaztetxeak dira. Egia da, askotan baldintzak ez dira duinak, baina gaztetxeak elikatu behar dira, ez bakarrik musikari gisa, herritar gisa ere bai. Kultura kontsumitzeko espazio autogestionatuak dira, eta ekarpen handia egiten diote gazteriari eta gizarte osoari", aldarrikatu zuen Salegik. Aho batez, beraz, kulturak txikitik eragiteko beharra duela ebatzi zuten hizlariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide