Egokiren agurra, mende erdiz herria orduan jarri eta gero

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 6a

Juan Carlos Zendoia, Egoki dendako jabea. (Juan Luis Romatet)

Eusebio Gurrutxaga plazako erloju dendak datorren larunbatean itxiko ditu ateak. Haren arduradun Juan Carlos Zendoia 16 urterekin hasi zen erlojugintza ofizioan.

Hilabete luzez egon dira saltokiko erakusleihoan haren likidazioa iragartzen zuten kartel koloretsuak, eta azkenean heldu da eguna. Datorren larunbatean, maiatzaren 9an, itxiko ditu ateak Eusebio Gurrutxaga enparantzako Egoki erloju eta bitxi dendak. "Egunak etorri behar zuen, eta halako batean heldu da", dio Juan Carlos Zendoiak, saltokiaren jabe eta arduradunak. "Lan batzuk egiteko geratzen badira, hemen ariko naiz lanean egun batzuetan, baina larunbatekoa izango da ateak zabalik izango ditugun azken eguna". 

Dendaren itxierak "pena" eragiten diola dio Zendoiak. Izan ere, mende erdiko historia du Egokik. "Datorren abenduan beteko lituzke dendak 52 urte". Bizitza osoa darama Zendoiak erloju artean. "16 urterekin hasi nintzen erlojugintzan lanean, batxilergoa amaitu nuenean, oraindik denda Peñaren inguruan zegoenean, eta 18 urte nituenetik hemen egin dut lan, plazan". Hasiera batean Antonio Aizpurua osabarekin egin zuen lan saltokian, baina 1997tik aurrera bakarka aritu da.

Ofizioa ikasteko "zazpi edo zortzi urte" behar izan zituela du gogoan zumaiarrak. "Bartzelonatik maisu bat etortzen zen Donostiara, eta hara joaten nintzen; astebeteko ikastaro intentsiboak ematen zituen. Azkenean, maisuak esan zidan han ikasi beharreko guztia ikasi nuela", dio.

Erlojugintzaren ofizioa ordutik asko aldatu dela dio Zendoiak. "Zeharo. Malgukiko erlojuetatik piladunetara pasatu ginen lehenbizi, eta, gero, piladunetatik eguzki indarra erabiltzen dutenetara. Asko aldatu da ofizioa". 

Berreskuratzeko bidean

Urte onak eta txarrak igaro dituela onartu du zumaiarrak. "Denetik izan da, aldaketak ere handiak izan dira eta. Sakelakoen ondorioz, erlojugintzak behera egin zuen. Orain badirudi gazteak hasi direla berriro ere erlojuen mundura hurreratzen", gaineratu du. "Azpeitiko Elegante Egunerako edo Zumaiako Gala Egunerako trajeak janzten dituztenean, erlojua eraman nahi izaten dute herritarrek. Ari da berreskuratzen ohitura, baina erabilera ez da lehen adinakoa izango", uste du.  

Duela urte batzuk hartu zuen denda ixteko erabakia. "Emaztea jubilatzear da, eta nik ere gaixotasun bat dut. Aparte, orain gutxi bete ditut 70 urte. Jubilatuta nago, jubilazio aktiboa da nirea, baina honaino iritsi gara. Erabakia hartu behar zen, eta hartu dugu azkenean", dio Egoki dendaren arduradunak. 

Erlojuak konpontzeko ilusioa ez du galdu Zendoiak. "Gaur bertan, gure aitonaren anaia baten poltsikoko erlojua ekarri didate haren funtzionamendua ikusteko. Oraindik ere martxan zuen erlojua". Denda itxiko badu ere, ez du etengo ofizioarekin mende erdian izan duen lotura. "Badakit kalean jendea etorriko zaidala erlojuetan konponketa txikiak egiteko eskatzera. Gai naizen bitartean, jarraituko dut horretan, baina lagunekin edo bezero izan direnekin bakarrik; ez, behintzat, behartuta", dio. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide