Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi duten lan gatazkak ez du konpontzeko tankerarik, ez denbora epe laburrean, behintzat. Iazko udazkenean hasi zituzten grebak lurraldeko egoitzetan, eta gaur, lanuzteen 171. eguna betetzearekin batera, protesta ekintzetan beste urrats bat eman dute San Juan egoitzako langileek: Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan itxi dira hitzarmen berria eskatzeko. Bihar goizeko 09:00ak arte egongo dira bertan.
Goizeko 11:00etan elkarretaratu dira Zumaiako udaletxe aurrean. San Juan egoitzako beharginei babesa erakusteko, eskualdeko beste herrietako egoitzeko langileak ere bertaratu dira Zumaiara. Langileen eskakizunekin bat egin du Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak ere, elkarretaratzean parte hartuz.
15 minutu inguruko kontzentrazioa egin ondoren, manifestazioan joan dira Alondegira, Erribera kalera zeharkatuz. Behin Oxford aretoan, Manuel Mesias musikariak hiru abesti jo ditu grebalariei babesa adierazteko. Eguerdiko 12:00ak aldera hasi dute itxialdia beharginek. Egoitzako langile Maider Bollainek adierazi duenez, aretoko ateak irekita egongo dira bertan egongo diren denboran, inork langileekin egon eta elkartasuna adierazi nahi badie ere.
Ez dira Zumaiakoak bakarrik izango itxialdiak egingo dituztenak. Lurraldean bertan, Errenteriako Sagrado Corazon eta Sanmarkosene egoitzetako beharginak ere udal instalazioetan itxiko dira bihar goizera arte. ELA sindikatuaren arabera, ez dute baztertzen antzerako ekintzak Gipuzkoako udal gehiagotan hastea datozen egunotan.
Prekarietatea amaitzea helburu
Sektoreak bizi duen prekarietatea amaitzeko aldarria udaletara eramatea da gaur Zumaian eta Errenterian abiatu dituzten protesta ekintzen helburua. ELA sindikatuak nabarmendu duenez, pasa den astean bildu zen sektoreko mahai negoziatzailea, eta han patronalak ez zuen prekarietatearekin amaituko lukeen kontratazioei buruzko inongo neurririk eraman. Sindikatuak salatu du, baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak "muzin egin" diola negoziazio mahaian zuzenean parte hartzeari. ELAren iritziz, foru erakundea "ez da gai izan agindu zuen langileen prekarietate eta genero diskriminazioari aurre egingo dion lan hitzarmen bat mahi gainean jartzeko".
Beti ere ELAren esanetan, sektoreko langileen ia erdiak borondatezkoa ez diren lan kontratuak ditu. Datu hori azken urteetan areagotzen joan dela ere nabarmendu du, eta %100eko lan kontratuak ezartzea eskatu du.