Goiz Eder Iturain: "Hasitako istorioak? Horiek beti izaten ditut buruan bueltaka"

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 28a

Goiz Eder Iturain. (Juan Luis Romatet).

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren beka deialdiari esker argitaratutako Hamaika irakurtzeko jaioak liburuan parte hartu du zumaiarrak, Nafarroako Bortzirietan girotutako istorio batekin.

Herritarren irakurzaletasuna sustatzeko Zumaiako Udalak abiatutako Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira programaren barruan aurkeztu zuen Goiz Eder Iturainek (Zumaia, 1973) duela astebete Hamaika irakurtzeko jaioak liburua. 

Geuretik Sortuak programaren barruan ondutako liburuan parte hartu duzu.  

Udalbiltzak beka deialdi bat egin izan du Euskal Herriko sortzaileek Euskal Herriko kontuak zabal ditzaten. Kultur arlo desberdinetako bekak ematen dituzte: bat literaturakoa da, bestea komikigintzakoa, ikus-entzunezkoen arlokoa bestea, eta antzerkikoa laugarrena. Literaturaren arloan, 11 idazleri eman zizkioten bekak, eta 11 pertsona horien artean sortu dugu liburua.  

Hamaika irakurtzeko jaioak, beraz, 11 idazle horien bilduma da. Idazle bakoitzak ez du bere liburua kaleratu. 

Ez, ez, autore guztiekin liburu bat atera dute. Hamaika irakurtzeko jaioak liburuak 11 istorio biltzen ditu, eta nire ekarpena haren zatitxo bat da. 

Nola otu zitzaizun deialdi horretan parte hartzea? 

Bekaren berri banuen, Zumaiak aurretik ere Geuretik Sortuak programan parte hartu izan duelako. Ez dakit nola otu zitzaidan aurkeztea; besterik ez bazen ere, proiektua idazten ikasteko balioko zidala pentsatu nuen. Hala egin nuen. Buruan ideia bat nuen bueltaka, Zumaian komentuarekin lanean ari ziren garaian. Herri guztietan daude halako harresiak, edo mojen etxeak, edo hutsak dauden eraikinak, eta herriak jakin badakizkien istorioak gertatu ohi dira leku horietan. Horretan oinarritutako proiektu bat aurkeztea okurritu zitzaidan.  

Programa horrek badu berezitasun bat, eta da herri batera joan behar zarela sorkuntza prozesua gauzatzera. Nora joatea tokatu zitzaizun zuri? 

Nik beka eskatu nuen, eta onartu zidatenean pixka bat sorpresan harrapatu ninduen. Gainera, literaturako beka zen. Izan ere, nik idatzi izan dut, baina gehienbat antzerkirako. Sorkuntza lana garatzeko, hogei egunez egon behar duzu leku batean, eta ez dakizu zer lekutara bidaliko zaituzten. Niri, gainera, herri batean ez, lau herritan egotea egokitu zait. Bortzirietan egon naiz, Arantzan, Etxalarren, Lesakan eta Beran. Lesaka ezagutzen nuen, baina beste herriak ez. Han etxe eder pila bat dago, historia handiko etxeak, eta nik ez nekien kontu haien berri. 

Idatzitako testuak egonaldia egindako lekuan girotuta egon behar du, ala beste lekuren batera eraman zenezakeen kontakizuna? 

Testuak harremana izan behar zuen leku harekin, han girotuta egon behar zuen. Aurkeztutako proiektua oinarri hartuta eta egonaldia egindako lekuetan ikusitakoa baliatuta egin behar zen idazlana.

Egonaldia lau herritan izateak zaildu egingo zuen prozesua, ezta? 

Hala da. Nire asmoa zen lau herrien artean ibilbide bat egitea. Hori egin dut: kontatu didatenetik eta jaso dudanetik abiatuta, lau herrien arteko ibilbide bat osatu dut. Lau herri horietan beti errepikatu izan den gai bat kontrabandoarena izan da. Mugako herriak dira, eta pixka bat hori lantzen du istorioak.  

Egonaldiko hogei egunak denak jarraian egin behar izan al dituzu? 

Ez, ez, herri batean lau egun egin nituen, bost bestean... Uste dut etxetik kanpo bakarrik ez naizela hainbeste denbora sekula egon. Dena ezezaguna egin zitzaidan, eta alde horretatik, esperientzia bat izan da.  

Denbora tarte horretan bakarrik egon behar izan al duzu? 

Agian etor zitekeen familia egun-pasa egitera, baina ez zen gauza bera izango. Han bakarrik egoteak hango jendearekin harremana izatera bultzatzen zaitu. Prozesua desberdina izan da, herriaren arabera. Egonaldia egingo nuen herriko udaleko pertsona baten kontaktua nuen beti, eta, horrela, errazagoa egiten zitzaidan herrietan mugitzea. Lehen egonaldia Arantzan egin nuen, eta huraxe izan zen emankorrena. Etxe pila batean izan nintzen; esandako orduan joaten nintzen, tinbrea jotzen nuen, eta eskuzabalik hartzen ninduten. Sekulako jendea ezagutu nuen.  

Ez zitzaien, beraz, arraroa egin kostaldeko norbait haiengana joatea.  

Ez, ez, gainera, beraiek gonbidatu ninduten. Batzuetan taldean juntatzen ziren, eta istorio pila bat kontatzen zituzten. Azkenean, mikrofonoa jarri behar izan nien; izan ere, azkar hitz egiten zuten, eta hizkuntza ere pixka bat desberdina dute. Batzuetan frenatu ere egin behar izan nituen!   

Egonaldian bertan ondu behar al zenuen idazlana? 

Hori norberak ikusten du. Egonaldia egindako herriei zerbait eman behar nien, eta ni egon nintzen lekuetan sormen tailerrak egin nituen. Proposatu nien bertako hitzekin edo bertako pertsonaiekin ipuin txikiak egitea. Zoragarria izan zen. Institutu batean egon nintzen, eta adinekoen egoitza batean ere bai; erantzuna oso polita izan zen. Saioak ezin bukaturik ibili ginen. 

Han jasotakoa gauean eguneroko txiki batean idazten nuen. Grabazioak ere banituen, eta, gero, Zumaiara bueltatutakoan, pixkanaka joan nintzen idazten. Jasotako materialaren zati handi bat baztertu egin behar izan dut; hura tiraderan geratu da. Ez zait erraza egin; une batzuetan zalantzak ere izan ditut ea amaierara helduko ote nintzen. Gehiegi idatzi nuen, eta kentzen aritu behar izan nuen.  

Ipuinak bidaia bat kontatzen du, beraz. 

Nik egindako egonaldi bera egingo du pertsonaiak. Mendiko irteera bat egitera joango da: Arantzara joango da lehendabizi, handik Berara, gero Etxalarrera eta handik Lesakara. Etxebizitza baten bila joango da, eta inguruan zer etxebizitza dauden ikusten denbora igaroko du. Lehenengo bisita horretan, Arantzan dagoela, poltsan mezu bat jasoko du, mezu ezkutu bat zeinetan esaten dioten zerbait aurkitu beharko duela. Mezu horri jarraiki, pistak aurkitu beharko balitu bezala, etxebizitzei begira dagoen bitartean, pistak bilatzen arituko da lau herrietan. 

Literaturaren munduan jarraitzeko gogorik sortu al zaizu? 

Bai, segituko nuke, baina atsedenaldi bat eta gero. Beka horrek eman dit bultzada jarraitzeko.  

Irakaslea zara, Beduola elkarteko kidea, antzerkian aritzen zara, eta orain literaturan ere bai. Ez zara geldirik egotekoa. 

Bergaran eman nituen bi urte Idazle Eskolan, eta han pixka bat ikasi nuen idazten. Nire burua beti dago bueltaka, eta idazten jartzea ez zait kostatzen. Beste gauza bat da idazten dudan horri bukaera ematea. Baina hasitako istorioak? Horiek beti izaten ditut buruan bueltaka.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide