Ireki dute Zuri-beltzezko 38. Argazki Lehiaketara lanak aurkezteko epea

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 28a

Zuri-beltzezko Argazki Lehiaketako lanekin 2023an antolatu zuten erakusketa.

Argazki lehiaketaren oinarriak ezagutzera eman dituzte Zumaiako Udalak eta Distira argazki elkarteak. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte beren lanak. 

Abian da Zumaiako Udalak eta Distira argazki elkarteak Juan Jose Azkueren omenez antolatzen duten Zuri-beltzezko Argazki Lehiaketaren 38. edizioa. Parte hartu nahi dutenek aurkez ditzakete beren zuri-beltzezko argazkiak, eta ekainaren 15ean itxiko dute izena emateko epea. Argizaiola lehiaketako sailkapenerako baliagarria izango da Zumaiako sariketa.

Ondokoak dira lehiaketaren oinarriak:

  • Edozein argazkizalek har dezake parte.
  • Modalitatea: artxibo digitalak. 
  • Parte-hartzaileko lau lan gehienez. Ezin izango da aurkeztu 2025/01/01 baino lehen lehiaketaren batean saritutako argazkirik.
  • Sekzioak: monokromoa. Gaia: librea.
  • Nola parte hartu: Internet bidez. Izen-ematea, irudien bidalketa, eta parte hartzeko ordainketa Distiraren webgunearen bidez egingo dira, hango programa informatikoaren argibideei jarraituz.
  • Formatua: JPG. 1920 pixel alderik luzeenean, 71ppp-ko bereizmena. Kolore eremua sRGB izatea gomendatzen dugu. Artxiboek ezingo dute 1Mb baino handiagoa izan.

Horrez gain, artxibo bera eskatzen da bereizmen handian, erakusketarako hautatutako lanak inprimatu ahal izateko: JPG, 4000 pixel alderik luzeenean, 254ppp, sRGB kolore eremua izatea gomendatzen dute. Fitxategiek ezin dute 3Mb baino gehiago izan.

  • Parte hartzeko ordainketa: 10 euro egileko, aurkeztutako argazki kopurua edozein dela ere. Ordainketa PayPal bidez egin beharko da, esteka honetan edo Distiraren webguneko inprimakitik, hango programa informatikoaren urratsei jarraituz.
  • Izen-emate epea: 2026ko ekainaren 15a.
  • Epaimahaia argazki munduko hiru pertsona adituk osatuko dute, eta haien erabakia aldaezina izango da. Erabakia 2026ko uztailaren 1ean emango da jakitera.
  • Sariak.
    • 1. saria: 600 euro eta XXXVII. lehiaketako argazki-katalogoa.
    • 2. saria: 300 euro.
    • 3. saria: 200 euro.
    • Lehen zumaiarrari saria: 250 euro.
  • Parte-hartzaileek ezingo dute sari bat baino gehiago eskuratu.
  • Dirutan jasotako sariei legez ezarritako atxikipenak egingo zaizkie.
  • Saritutako lanak Zumaiako Udalaren esku geratuko dira, eta honek argitalpen eta erreprodukzio eskubidea izango du, betiere egilearen izena aipatuta.
  • Erakusketa. Ahalik eta hedapen handiena emateko, erakusketa bat antolatuko dute Alondegia kultur etxean, epaimahaiak hautatutako 36 argazki onenekin, irailaren 11tik 18, lanak 40x50 zm-ko markotan ipinita, egilearen izenarekin batera.
  • Katalogoa. Erakusketarako hautatutako lanekin katalogo bat egingo dute, eta Distiraren webgunetik jaitsi ahal izango da. Katalogoko argazkietan irudi bakoitzaren egilearen izena agertuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide