Ondo kostatuta, baina Irene Irureta sortzaile eta ilustratzaile zumaiarrak aurkeztu du dagoeneko azken urteotan ondu duen Flysch pop-up albuma liburua. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen argitalpena, irakurzaletasuna sustatzeko Zumaiako Udalak abiatutako Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira programaren barruan. Gaiak herritarren interesa piztu du, eta aretoa bete egin zuten.
Zumaiako Udalak emandako sormen beka izan da liburu berezi eta eder honen abiapuntua. Flyscha hizpide, Euskal Kostaldeko Geoparkearekin jarri zen harremanetan, eta hark kolaborazio osoa eskaini dio. Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario izan du Iruretak aholkulari eta gidoilari lanetan, eta atzoko aurkezpenean ere presente izan zen.
Irudi altxagarriekin osatutako argitalpena, Geoparkean eman diren Lurraren Historiako une esanguratsuak irudikatzen dira, hala nola, flyscharen sorrera, dinosauroen desagerpena edota Historiaurreko gizakien arrastoa Ekainkobazuloan. Denonartean argitaletxe nafarrarekin argitaratutako liburuak lau testu ilustratu jasotzen ditu, eta beste hainbeste altxagarrien bidez kontatutakoa.
Iruretaren lanak badu beste bereizgarri bat, eta da oso-osorik Euskal Herrian eta euskaraz sortutako lehen pop-up liburua dela. Argitalpena ekitaldian bertan izan zen salgai, eta dagoeneko eros daiteke Zumaiako Turismo Bulegoan, 25 euroan.