Zabaldu dute Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldirako izen ematea

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 23a

Iazko zeharkaldiko irteera. (Juan Luis Romatet)

Uztailaren 11n jokatuko dute kirol jarduera horren aurtengo aldia, eta berrikuntza bezala, helduentzako distantzia erdiko proba antolatu dute. 

Uztailaren 11n jokatuko dute Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldia. Ohi bezala, haurrei zuzendutako bi proba izango dira. Berrikuntza bezala, aurtengo aldian helduentzako beste proba bat antolatu du jarduera antolatzen duen Taosa igeri klubak, distantzia erdikoa, hain zuzen ere.

Itzurun hondartza eta Arbustaingo arrapala lotzen dituen 3.000 metroko igeriketa proba parte hartzaile batzuentzako gehiegizkoa izan daitekeela jabedun, Taosak helduei zuzendutako 1.500 metroko proba antolatu du lehendabizikoz. Distantzia hori aukeratuko duten igerilariak Santiago hondartzatik aterako dira, itsaso aldera metro batzuk egingo dituzte igerian, eta buelta emanda, errioan barrena, Arranplan amaituko dute lana. 

Haurren kasuan, 500 metro eta 1.100 metroko proben artean egin ahal izango dute aukeraketa. Lehenengoan errio bertatik aterako dira, eta Santiago hondartzatik bigarrenak. 

Proba nagusia, aldiz, Itzurun hondartzatik aterako da, eta Talaimendi eskuinean utzita, portuko barra aldera egingo dute, handik barrena Arbustaingo arrapalara heltzeko. 

Uztailean egingo den zeharkaldiko ordutegia honakoa izango da:

  • 11.30. Haurren irteera.
  • 11:30. Helduen irteera (1.500 metro).
  • 12:15. Helduen irteera (3.000 metro).

Izen ematea dagoeneko zabalik dago www.rockthesport.com webgunean. Haurrek 15 euro ordainduko dituzte, 20 euro distantzia laburra aukeratuko duten helduek, eta 30 euro proba nagusian arituko diren igerilariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide