2026-2028 aldirako Gipuzkoako EGIko idazkari nagusi izendatu zintuzten pasa den martxoaren 21ean, Beasainen egindako herrialde batzarrean. Nola hartu zenuen izendapena?
Ilusioarekin hartu nuen. Egia esan, ohore bat da, Gipuzkoako egikide bezala, idazkaria izatea. Kideek bozkatu ninduten, eta oso gustura nago.
Nola funtzionatzen du idazkari nagusia aukeratzeko prozesuak?
EGIk alderdiaren [EAJren] antzeko egitura du. Uri Buru Batzarretan eratzen da, eta prozesuaren lehenengo fasean, herri desberdinek hautagaiak proposatzen dituzte; bigarren fasean, berriz, herri bakoitzak aukeratzen du bere ustez egokiena den pertsona.
"Politika iragankorraren garaiak bizi ditugu, eta EGIk erantzun bat eman behar dio garai honi"
Zeintzuk izango dira datozen bi urteetan bete beharko dituzun ardurak?
Ardura nagusia izango da EGIren ekintzetara etortzen den jendearentzat gaur egungo gazteen kezkei lotuta dauden formakuntza egokiak antolatzea. Horrez gain, beste egiteko garrantzitsu bat izango da kaleko gazteriari tenperatura hartzea, hau da, ezagutzea zeintzuk diren beraien kezkak, horiek EGIn presente egotea, eta politikagintzan mahai gainean jartzea. Azken finean, horixe plazaratzea da EGIren helburu nagusia.
Nola ikusten duzu zure burua? Erronkari heltzeko prest, urduri...?
Urduri baino gehiago, ilusioarekin. Ni idazkari aukeratu naute, baina horrez gain, Erki Kontseiluko lantaldea aukeratu dute, eta taldearekin oso gustura nago, egia esan. Gipuzkoako eskualde desberdinetako jendearekin osatuta dago lantaldea, jendea gogoz dago, prest, uste dut ulertzen dutela zer momentu politikotan gauden. Politika iragankorraren garaiak bizi ditugu, eta EGIk erantzun bat eman behar dio garai honi. Hortaz, saiatuko gara gure proposamenak komunikatzen eta proposamen horiek gazteriaren kezkekin lerratuta egon daitezen.
Marraztu duzue lan lerrorik? Zeintzuk izango dira talde berriaren lehentasunak Gipuzkoako gazteei begira?
Bai, lanketa bat egin dugu. Aipatutako ildotik, gure aldarrikapenak plazaratzea eta EGI euskal gazteriaren erreferentzia izatea dira gure helburuak. Bestalde, EGIren barne antolakuntza indartu nahi dugu. Gipuzkoako herri askotan gaude, baina herri gehiagotara zabaldu nahi dugu, hain zuzen ere, gure burua gazte mugimenduko erreferentzia gisa indartuz.
"Ez dugu sistemarekin konfrontazio zuzena bilatzen, erantzunak bilatu nahi ditugu"
Nola ikusten duzu EGIren oinarri militantea? Indartsu al dago?
Indartsu dago, jendea gogoarekin dago. Eta sintonia ona dago gazteriak eskatzen duenaren eta EGIk egin nahi duen horren artean. Jendeak askotan aipatzen du gazteak politikarekiko lotura galtzen ari direla, baina politikarengandik baino, politika egiteko modu jakin batengandik aldendu direla esango nuke. Zeren, azken finean, etxebizitzaz, klima aldaketaz, langabeziaz, soldataz ala segurtasunaz hitz egitea politikaz hitz egitea da. Gazteriak politika ulertzeko duen modua aldatu dela ikusten dugu; horregatik, gure ekintza politikoa horretara bideratu behar dugu, gazteen eguneroko elkarrizketetara, eta EGI hor egotea lortu behar dugu.
Zer leku du EGIk, zure irudiko, gazte antolakundeen espazio politikoan? Ernairen eta GKSren aldean, adibidez?
Uste dut aberasgarria dela gazteen erakunde desberdinak egotea. Gu demokratak gara; esan nahi dut, ezberdinen arteko elkarrizketan sinesten dugu. Desberdintzen gaituena da ez dugula sistemarekin konfrontazio zuzena bilatzen, egin nahi duguna da benetako arazoak zeintzuk diren ezagutu eta horiei erantzunak bilatu. Arazo horiek politikaren mahai gainean egon behar dute; horrekin esan nahi dudana da politikaren eguneroko gai zerrendetan egon behar dutela, ekintza zehatzetan egon behar dutela. Eguneroko politika horretan eragin nahi dugu.
Azken hauteskundeen eta inkesten arabera, Gipuzkoako boto emaile gazteak gertuago daude EH Bildurengandik EAJrengandik baino. Zer irakurketa egiten duzu horren inguruan?
Uste dut EAJk badakiela azken boladako joera horixe izan dela, eta ari dira pausoak ematen hori hobetzeko. Mezua aldatzen ari da, sare sozialetan presentzia handia dago, gertutasuna gehiago bilatzen da. Eta uste dut, baita ere, EAJk ulertu duela EGI giltzarria dela lan horretan. EGI EAJren parte da, baina elkarren arteko hartu-emana gero eta hobea da; guk ulertzen dugu zer egin nahi duten beraiek, eta beraiek ere badakite zentzu askotan giltzarri garela. Gero eta pisu handiagoa dugula esango nuke.
Zinegotzi zara Zumaiako Udalean. Nola baloratuko zenuke egungo agintaldiko udal gobernuaren jarduna?
Ez da erraza laburtzea. Gaztea naiz, berria politikagintzan, eta ulertzen dut tokiko politikaren alde garrantzitsuena dela lehentasunak izendatzea. Ildo horretatik, nik, gazte erakunde bateko kide nahiz zinegotzi bezala, etxebizitzaren gaiari ematen diot garrantzi handiena. Eta esango nuke ez diotela erantzun etxebizitzaren arazoari. Gazteei aukera eman behar zaie etxebizitza erosteko, etxebizitza babestuetan izena emateko, eta baita alokairuan bizi ahal izateko ere. Ez dut ikusten Zumaian aukera horiek guztiak eskaintzeko asmoa dagoenik.
Udaleko esperientziak EGIren idazkaritzako lanetarako lagunduko dizula uste duzu? Zertan?
Bai, zalantzarik gabe. Udalean oposizioan gaude, eta udalera sartu aurretik politikaren bestelako irudi bat nuen. Gehien harritu ninduena izan zen alderdi desberdinetako jendeak herritarren kezken inguruan elkarren artean lasai hitz egiteko gaitasuna duela. Zorionez, zeren Espainian beste gauza batzuk ikusten ditugu. Alde horretatik hartu dudan esperientzia paregabea da. Bestalde, gaitasun teknikoa ere neureganatu dut, gauzek nola funtzionatzen duten ikasi dut, jende desberdina ezagutu dut, tensio momentuak kudeatzen ikasi dut... Nolabait, sentitzen duzu herritarren bozgorailua zarela, jende asko hurbiltzen zaizu kalean, eta hori oso polita da, oso aberasgarria.