Irmoki salatu dute Iruñeko hilketa matxista

Aritz Mutiozabal 2026ko apirilaren 14a

Hainbat herritar Saregile plazan, Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzean. (utzitakoa)

Hainbat herritar elkartu da gaur arratsaldean Saregile plazan, Zumaiako Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioan.

Indarkeria matxistagatik ezarritako urruntze agindua urratu zuen gizon batengandik ihesi zihoala, 37 urteko emakume bat hil zen igande goizaldean Iruñean eraikin bateko hirugarren solairutik erori ostean. Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Saregile plazan.

Amorrua eta mina adierazteaz gain, biktimaren senideei eta lagunei elkartasuna nahiz babes osoa adierazi diete bertaratu direnek. Era berean, Mugimendu Feministak gogora ekarri du urtea hasi denetik  Euskal Herrian izandako hirugarren hilketa matxista dela honakoa, eta beste behin azpimarratu dute emakumeek pairatzen duten indarkeria egiturazkoa dela.

Zumaiako Udalak ere gogor salatu du gertakaria, eta adierazi du herritar guztien ardura dela indarkeria matxistaren aurrean "jarrera aktiboarekin jokatzea". Bide batez, elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide