Pozarren eta eskertuta hartu du Arritxu Iribar kirol esatari zumaiarrak gaur, Euskal Herriko Itzuliaren azken etapa amaitu berri, euskal txirrindularitzaren munduak egin dion omenaldia. Txirrindularitza du kirol kutuna, eta ibilbide profesionala amaitzear denean jaso du aitortza. "Oso-oso polita da norberaren ibilbide profesionalari halako bukaera bat ematea", aitortu dio Gukari, baina uste du ez zuela merezi, eta lankideekin gogoratu dela kontatu du: "Ez dut uste merezi nuenik, hainbat kazetari pasatu dira eta ez dute halako agurrik jaso; haiek guztiak nituen gogoan une horietan".
Omendu dutenentzat "bihotz-bihotzez esker hitzak bakarrik" dituela esan du, eta azpimarratu du txirrindularitzan jarraituko duela, "batez ere bide bazterretik, guztiak animatzen".
Itzuliko antolatzaileek sare sozialetan goraipatu dute Iribarrek ziklismoari egindako ekarpena eta Euskadi Irratian egindako ibilbidea, eta azaldu du Bergarako (Gipuzkoa) Lokatza Ziklismo Eskolak parte hartu duela gaurko omenaldian. Hain zuzen, Bergaran amaitu da aurten txirrindularitza proba esanguratsua.
