Estaños Matiena enpresako langileek bost eguneko greba hasiko dute astelehenean

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 11

Estaños Matiena enpresako langileek otsailean egindako elkarretaratzea, bertako langile baten heriotza gaitzesteko. (Juan Luis Romatet)

Enpresa horrek langileen osasuna, prebentzioa eta segurtasuna bermatzeko "berehalako neurririk" hartu ez izana salatu dute, baita langileen ordezkaritzarekin "fede txarrez" jardun izana ere. Egoera hori salatzeko, greba egingo dute apirilaren 13tik 17ra.

Zumaian kokatuta dagoen Estaños Matiena enpresako langileek bost eguneko greba hasiko dute etzi, astelehena. LAB sindikatuak kaleratutako prentsa oharrean zehaztu dutenez, "prebentzioan, segurtasunean eta lan osasunean dauden gabezia, hutsune eta ezbetetze larriak konpontzeko enpresaren borondate ezak" bultzatu ditu langileak greba egitera.

2025eko abuztuaren 8tik 2026ko martxoaren 31ra bitartean, hainbat lan istripu erregistratu dira Estaños Matiena enpresan. Pasa den urtarrilaren 31n izandako lan istripuak, hain zuzen, langile gazte baten heriotza eragin zuen. "Datu horiek ez dira estatistika anker bat gizentzeko erregistro hutsak, baizik eta langileen osasuna eta bizitza bera arriskuan jartzen dituen ekosistema baten isla", salatu dute enpresako langileek.

Egoera horren aurrean, "prebentzioa antolatzeko, segurtasunean modu ordenatuan sakontzeko eta lan osasuneko araudia behar bezala txertatzeko langileen saiakerei enpresak muzin egin" diela nabarmendu du sindikatuak. Hori ez ezik, "mehatxu, jarrera autoritario eta gardentasun faltarekin" erantzun diela azpimarratu dute, "informazioa ezkutatuz, erantzukizun oro baztertuz eta arazoak langileen legezko ordezkaritzari dagozkion eskubideak eta eskumenak ukatuz", zehazki.

Sindikatuak jakitera eman duenez, langileek "aspaldidanik salatu dituzte hainbat arrisku; besteak beste, makineriaren egoera kaskarra, mantentze-lan falta eta erabiltzen diren produktu kimikoek osasunean duten eragina". Gainera, urte hasieran gertatutako lan istripu hilgarriak egoera "muturrera" eraman zuela ere nabarmendu du, eta agerian utzi zuela "prebentzioneurriak berehala indartzeko premia".

Langileek salatzen dutenez, enpresak ez ditu beharrezko neurriak hartu "langileen osasuna zaintzeko eta segurtasuna bermatzeko" eta, gainera, langileen ordezkaritzarekin harremanean "fede txarrez eta opakotasunez" jokatu omen du, "idatziz egindako eskaerei erantzunik eman gabe, erantzunak atzeratuz, prebentzio ordezkariari informazioa ukatuz eta lan ikuskaritzaren txostena denbora luzez arrazoirik gabe ezkutuan mantenduz", hain justu.

Era berean, enpresak, LAB sindikatuko ordezkaria "mehatxatu" duela jakinarazi dute, informazioa publiko eginez gero ekintza legalak abiatuko dituela adierazita. Langileen ustez, enpresaren politika "prebentzioaren oinarrizko printzipioen aurkakoa" da, eta horrek "zuzenean arriskuan jartzen ditu” langileen segurtasuna eta osasuna.

Horrenbestez, Estaños Matienako langileek argi dute "ezinbestekoa eta atzeraezina" dela berehalako neurriak hartzea, "osasuna, prebentzioa eta segurtasuna ezin direlako bigarren mailan utzi". Halaber, enpresaren jarrera "itxiaren eta axolagabearen" aurrean, euren bizitzak eta osasunak "axola dutelako eta lan baldintza duinak" behar dituztelako, grebara joko dute.

Aldi berean, adierazi dute gaur arte bezala langileen ordezkaritzaren bitartez prebentzioa eta lan baldintzen hobekuntzan "ekarpen zintzoa" egiteko prest daudela. Horretarako, "enpresarekin egun ez dauden elkarrizketa-bide adostuak, egonkorrak eta eraginkorrak irekitzea" eskatzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide