Kantauri Ondare Museoak, Zumaiako Udalaren laguntzarekin, Itsasertzeko baporeak argazki erakusketa zabaldu du Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Guztira 50 alek osatzen dute mostra, eta bertan, 1940, 1950 eta 1960ko hamarkadetako itsasontzien argazkiak ikus daitezke.
Jabier Txapartegi Kantauri museoko arduradunak ondu du erakusketa, Zumaiako itsas ondareak eta industriak historian zehar izan duten garrantzia azpimarratu nahian. Aretoko hormetan ikusgai dauden itsasontzi asko desegin egiten zituzten Zumaian, eta tamaina nahiz itxura ezberdinetakoak iristen ziren herriko portura. Erakusketan bildutako itsasontziak, gainera, itsasertzekoak ziren, hau da, kostaldetik gertu ibiltzen zirenak.
Zumaiako porlanak izan zuen ospea ere gogora ekarri du Txapartegik, izan ere, herriak bisita asko jasotzen zituen atzerritik, material horren bila zetozenen partetik. Hain justu, Zumaia Ameriketako Estatu Batuetako Detroit hiriarekin alderatu du Txapartegik, industriak herrian izan duen garrantzia nabarmenduz.
Hori horrela, bilduma Oxford aretoan egongo da ikusgai hilaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 16:00etik 20:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era.