Zumaian dauden jolastoki guztiak aztertu eta behar dituzten hobekuntzak lantzen aritu da Zumaiako Udala azken hilabeteotan. Azterketaren helburua da Zumaia haurrei egokitutako herri "biziagoa, irisgarriagoa eta parte hartzaileagoa" bihurtzea, kalea bera "jolas eta ikaskuntza espazio" bihurtuz.
Dagoeneko ekin diete lanei, esaterako, Basadi parkea joan den astean zabaldu zuten zoladura berrituta, Kantaurin hasi dira lan berak egiten, eta Marianton parkeko obra lizitataziora atera du udalak. Datozen hiruzpalau urteetan, gainerako haur parke guztietan egingo dira hobekuntzak. Hemen ikus daiteke jolastokien behin-behineko plana, osorik.
Gaur goizean eman dituzte Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak jolastokiak berritzeko planaren inguruko azalpenak, Basadin. Alkateak kontatu duenez, orain dela bi urte eta erdi hasi ziren Haurren Kontseiluan Marianton parkea diseinatzen, eta horrez gain, duela urtebete gainerako parkeen inguruan egin beharreko lanen gogoeta bat ere jarri zuten martxan.
Yeregik, bestetik, herriko nerabeekin egindako lanketa ekarri du gogora. Galdeketa horretatik ateratako ondorio nagusi bat izan zen, herriko parkeak "aspergarriak eta oso antzekoak" zirela. Beraz, egoera horren aurrean, jolastokiak eraberritu ordean, planteamendu ezberdin bat proposatu zuten.
Horretarako, jolastoki bakoitza banan-bana aztertu dute, ardatz ezberdinetatik abiatuta, besteak beste, naturarekiko duen lotura, genero ikuspegia edota haurren gaitasun eta behar ezberdinak. Egin beharreko lanak zehatzeko, gainera, herriko auzo eta adin tarte desberdinen datu demografikoak kontuan hartu dira jolastokien banaketa "bidezkoagoa eta haur kopuruaren araberakoa" izan dadin, hain justu.
Horren aurrean, planak "aniztasuna eta inklusioa indartzea" proposatzen du, batik bat, ondorengo norabideetan: naturarekin kontaktuan jolasgune gehiago ezartzea, jolas sinbolikoa eta irudimena sustatzen duten espazioak izatea eta altzari urbano jolasgarriak edukitzea. Hori ez ezik, material ezberdinak erabiltzeko eskaera jaso dutela kontatu du Yeregik, eta Marianton parkean egingo dute proba.
Ekarpenak egiteko aukera, zabalik
Jolastokien plana hezkuntza komunitatearekin, haur eta nerabeekin lan egiten duten eragile desberdinekin eta gainerako udal taldeekin partekatu ondoren aurkeztu dute. Izan ere, alkateak azpimarratu du "bizirik dagoen plana" dela honakoa, eta herritarren ekarpenak ongietorriak izango direla.