Lopez eta Watkins, Zumaia Jai Alai Master Serieseko finalera

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 7a

Erkiaga-Lopez eta Gogenola-Watkins bikoteek jokatuko dituzte Zumaiako Masterreko finalak. Hilaren 13an izango dira partidak, San Telmo egunez, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Aitzurin.

Zehaztuta daude Zumaia Jai Alai Master Series zesta punta txapelketako finalistak. Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez bikotea Jean-Dominique Olharan eta Unai Lekerikaren aurka arituko da Aitzuri pilotalekuan. Eta emakumeetan, berriz, Elaia Gogenola eta Frida Watkins lehiatuko dira Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalen aurka. Datorren astelehenan jokatuko dituzte finalak, San Telmo egunez, 18:00etatik aurrera Aitzuri pilotalekuan. 

Gainera, Lopezek astelehenean jokatuko du bere ibilbide profesionaleko azken partida. Izan ere, 23 urteko ibilbidearen ostean, Jai Alai Leagueko "Urrezko Gerrikoa" aldean duela erretiratuko da.

Atzo arratsaldean izan zituzten finalerdietako partidak Aitzurin. Erkiagak eta Lopezek 2 set irabazi zituzten Johan Sorozabal eta Ion Ibarluzearen aurka. Partidaren hasieran akats batzuk egin zituen markinarrak baina ondoren, norgehiagoka "bizia, ederra eta erremate askokoa" eskaini zuten lau pilotariek. Harmailetan giro bikaina nabaritu zen, eta 15-9 eta 15-11 emaitzekin amaitu zuten partida.

Emakumeetan, Frida Watkins zumaiarrak ere lortu du San Telmo eguneko finalera sailkatzea. Bi setetan, Helena Barrenetxea eta Oaia Otaño joan dira markagailuan aurretik, baina azkenean partida berdindua izan da, eta Elaiak eta Fridak irabaztea lortu dute bi jokotan: 15-14 eta 15-12 emaitzekin amaitu dute jardunaldia. Finala, Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalen kontra jokatuko du bikoteak.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide