Datorren astean irekiko dute urriaren 3an, larunbatez, jokatuko den XVII. Flysch Trail mendi lasterketarako izena emateko epea. Aurreko edizioetan ez bezala, hiru egunetan banatuko dute izen-ematea.
Asteartean, martxoaren 24an, emakumezkoek eta ez-binarioek izango dute izena emateko aukera: lasterketa laburreko 115 dortsal aterako dituzte, eta 175 luzekoak. Hurrengo egunean, asteazkenean, junior gizon eta emakumeek izango dute izena emateko aukera: 25 dortsal aterako dituzte. Adin horretakoek aurkeztu behar dituzten agiriak Lubaki kiroldegian eskuz aurkeztu beharko dituzte egun berean edo aurrerago, online izena ematea errazte aldera. Azkenik, ostegunean, gizonezkoek izango dute izena emateko aukera: 115 dortsal aterako dituzte lasterketa laburrekoak, eta 175 luzekoak. Izena zumaiaflyschtrail.eus eta kronoak.com webguneen bidez eman behar da.
400 dortsal banatuko dira guztira 24 kilometroko mendi lasterketa luzerako, eta 30 euroko kostua izango du bakoitzak. 14 kilometroko lasterketan, berriz, 250 korrikalarik parte hartuko dute, eta 20 euro ordaindu beharko dute horiek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izen-emate kopurua betetzen bada, itxaron zerrenda zabalduko da, eta partaide batek baja ematen badu, zerrenda honetako hurrenkera erabiliko da korrikalari berriak sartzeko. Aldaketa horretan ezingo da proba edo distantzia aldatu, ez eta korrikalariaren poltsan joango den materialaren aldaketarik egin.
Bestalde, korrikalari batek lasterketan parte hartzeko arazorik badu eta baja eman nahi badu, antolakuntzari jakinarazi beharko dio korreoz (info@zumaiaflyschtrail.eus ). Kasu honetan, kudeaketako gastuagatik, korrikalariari 6 euro kobratuko dizkiote. Baja emateko aukera izango da proba baino bi aste lehenagora arte (irailak 18).
Lasterketa inklusiboa
XVII. Flysch Trail lasterketa inklusiboa izan dadin nahi dute antolatzaileek, eta beraz, aniztasun funtzionala duen pertsonak izena emateko aukera izango dute. Bakoitzaren errealitatera hobeto egokitzeko, izen-emate eskaera egin beharko dute emailez (info@zumaiaflyschtrail.eus ) honako informazioa helaraziz: izena, abizenak, adina, jaioterria, telefono zenbakia; aniztasuna ziurtatzen duen agiria; proba egiteko dituen beharrak.
Behin datuak jasota, antolakuntza korrikalariarekin kontaktuan jarriko da nondik norako guztiak lantzeko eta parte-hartzea konfirmatzeko.
Bestalde, 14 eta 17 urte bitarteko korrikalariek (2026ko abenduaren 31n izango duten adina hartuko da kontuan) derrigorra izango dute Adingabeen baimena izeneko dokumentua egoki bete eta Lubaki kiroldegian aurkeztea. Horrela ez bada, izen-ematea ez da onartuko.
Dokumentu hori izena emateko plataforman eta antolakuntzaren webgunean zintzilik egongo dela zehaztu dute.