Manuel, biktima bat baino gehiago

Edurne Egaña Manterola 2026ko martxoaren 14a

Manuel Albizu, familia albumeko irudi batean.

Atzo 50 urte bete ziren ETAk Manuel Albizu hil zuela, eta gertaera horren harira, gutun hau bidali du Edurne Egaña EAJren GBBko burukide zumaiarrak. 

Badago egun hauetan ikusgai Zumaiako Oxford aretoan Ez ahazteko gogoratuz. Herriko historia eta memoria argazkitan izeneko erakusketa polit bat. Badaude, ordea, argazkietan ikusiko ez ditugun eta isil-isilik pasatzeko arriskua duten herriko historiaren eta memoriaren zenbait pasarte ere, ez ahazteko gogoratu beharrekoak. Horietako bat, eta zoritxarrez ez bakarra, duela 50 urte ETAK egindako Manuel Albizu Idiakezen erailketa da.

Historian zehar, ETAk 853 hilketa egin zituen; hala ere, ohikoa da eraildako pertsona haiek biktima edo hildako gisa aipatzea. ETAk heriotza gehien eragin zituen urtea 1980a izan zen, 96 hilketarekin; 1979an, 80 izan ziren; 1978an, 66; 1977an, 11; eta 1976an, duela 50 urte, 17. Zer dakigu haiei buruz? Bidegabeki erail zituzten pertsonak direla, eta urteurren biribilak direnean gogoratzen ditugula bereziki.

Biktima gisa gogoratzen ditugu. Nik, gaur, pertsona horietako bat gogoratu nahi dut. Manuel Albizu Idiakez da eta ETAk hil zuen 1976ko martxoaren 13an, Getarian, taxia gidatzen ari zela. Duela egun batzuk bete da hilketa horren 50. urteurrena. Hiltzailea Zumaian igo zen taxira; bidegurutze batean desbideratzeko eskatu zion, eta han bi tiro eman zizkion buruan. Ondoren, gorpua ibilgailuaren barruan abandonatuta utzi zuen.

Epaiketarako eskubiderik gabe, defentsarako aukerarik gabe, frogarik eta lekukorik gabe, eta inolako bermerik gabe, ETA epaile eta parte bihurtu zen. "Isilmandataria" izatea leporatu zion, heriotza zigorra ezarri zion, eta gupidarik gabe bete zuen zigorra. Dena faltsua eta bidegabea izan zen, trantsizioaren testuinguruan eta "zerbait egingo zian" aitzakian ezkutatua. "Denak balio du" logika aplikatuz.

Hilketa hura zigorrik gabe geratu zen. Garai hartan ETAk edo bestelako terrorismo eta indarkeriek eragindako beste kasu asko bezala, ez zen judizialki argitu. Ez zuen ez egiarik, ez justiziarik, ez erreparaziorik izan.

Bi gogoeta egin nahi nituzke. Bata, indarkeria eta terrorismoa praktikatu edo horretan lagundu zutenei zuzendua; bestea, gure oroitzapena eta biktimekiko begirada sakontzera bideratua.

Manuel Albizuren hilketa, beste guztiak bezala, bidegabea izan zen. Inork ezin du justizia bere esku hartu, eta inork ez du beste bati bizia kentzeko eskubiderik. Bizitzeko eskubidea xedaezina da. Hala ere, hiltzaileek salaketa bat asmatzen zuten, erailketa haiek zilegitzat aurkezteko.

Horrek sufrimendu larria eragin zien biktimei. Eta, horrekin batera, urte haietan bereziki indartsua izan zen isiltasun sozial beldurgarri bat ere egon zen, hausteko urteak behar izan genituena. Isiltasun horren aurrean autokritika zintzoa egin dugu gure erakundeen bitartez. Azken batean, sufrimendu eta bakardade izugarria eragin zitzaien biktimen familiei eta hurbilekoei.

ETAren indarkeria praktikatu edo babestu zutenei autokritika argia eskatzen zaienean –oihal berorik eta haustura dialektikorik gabe– , oinarrizko eta benetako justizia- eta, batez ere, erreparazio-ekintza izatea espero da. Hori bera eskatu dugu Gasteizko gertakarien 50. urteurrenean ere. Biktimek entzun behar dute bidegabea izan zela sufrimendu itzulezin hura eragin zietenen ahotik, eta ezerk ez zuela kendu zietenen bizitzak baino balio handiagorik. Are gehiago, kasua epaitu ere egin ez bada.

Ez da nahikoa "biktima guztiei elkartasuna adierazten" diegula edo "haien mina aitortzen" dugula esatea. Horrek ez du hutsunea betetzen, ezta egindako bidegabekeria konpontzen ere, ez baititu ezeztatzen eta kritikoki baloratzen. Tamalgarria da gaur egun ezker abertzaleko sektore batzuek oinarrizko argudio hori ez ulertzea: ez da politika kontua, gizatasunarena baizik. Giza eskubideen urraketa larrien biktimentzako egia-, justizia- eta erreparazio-politikaren oinarrizko printzipioa da.

Nire bigarren gogoetak gure oroitzapenarekin eta biktimekiko begiradarekin du zerikusia, biktima guztiekin. Kasu honetan, Manuel Albizu Idiakezengan jarri nahi nuke begirada. Hil zutenean 53 urte zituen; ezkonduta zegoen eta lau seme-alaba zituen, 11 eta 25 urte bitartekoak. Debako Udaleko zinegotzi baten eta Angel Albizu Soarte harri jasotzailearen anaia zen. Hiru anaiak Itziarko Soarte baserrian jaioak ziren. Hil zutenean, Manuelek traktore gidari gisa lan egiten zuen Errenteriako indusketa batzuetan, eta asteburuetan taxilari gisa aritzen zen, alokatutako lizentzia batekin.

Manuel biktima bat izan zen, baina biktima bat baino gehiago ere bai: proiektuak, familia eta etorkizuna garatzeko itxaropena zituen pertsona bat. Arbitrariotasun kriminal batek seme-alabak hazten ikustea, emaztearekin erretiroaz gozatzea, bidaiaren bat egitea, bilobak ezagutzea edo bizitzaren gorabeherengatik barre eta negar egitea galarazi zizkion. Biktima bakoitza bizi ahal izan zuen bizitzan izan zena da. Uzten duen guztia da, baina baita izan zitekeen eta izaten utzi ez zioten guztia ere. Bizitzear zegoen bizitzaren anputazioa da.

Komeni da biktimekiko gure memoria kritiko eta solidarioak dimentsio bikoitz hori izatea: gertatutakoa kritikoki epaitzeko gai den memoria politikoa, eta gizatasunez beteriko memoria, pertsona bati bizia kentzeak benetan zer esan nahi duen gogoratzeko gai dena. Biktima bakoitza biktima bat da, baina biktima bat baino gehiago ere bada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide