Torreagan egiten ari diren babes ofizialeko 46 etxebizitzen zozketa egin dute gaur eguerdian Komentuko kaperan. Ekitaldia zumaiaguka.eus eta zumaia.eus webgunetan jarraitu ahal izan da zuzenean, baina hala ere jende kopuru handia bertaratu da Alde Zaharreko eraikinera ekitaldia bertatik bertara ikustera. Guztira, 400 pertsona edo familia unitatek betetzen zituzten zozketan parte hartzeko baldintzak.
Ekitaldia Zumaiako notarioaren aurrean egin dute. Lehenbizi, babestutako hiru etxe egokituak zozkatu dituzte. Bi pertsonak edo familia unitatek betetzen zituzten etxebizitza horretan bizitzera sartzeko baldintzak. Beraz, bonbotik ateratako zenbakiak etxebizitza aukeratzeko parada eman dio zortedunari. Atera den zenbakia 002 izan da.
Ondoren, kupo orokorreko 43 etxebizitzak zozkatu dituzte. Zerrendan onartuak izan ziren bezainbeste bolatxo sartu dituzte bonboan, bakoitzari zegokion zenbakiekin. Bola bakarra atera dute, 318 zenbakiduna. Bola horri dagokion zenbakia eta hurrengo 42 zenbakiak dituzten pertsonak edo bizikidetza unitateak izango dira etxebizitzen behin behineko esleipendunak.
Horrekin batera, automatiko itxaron zerrenda ere sortu dute. Hemen ikus daitezke esleipendunen zein itxaron zerrenda osatuko dutenen behin behineko zerrendak.
Etxebizitza zehatzak notario aurrean esleituko dira, bizikidetza unitatearen beharretara egokituta. Ekitaldi hori itxia izango dela iragarri du Zumaiako Udaleko idazkariak zozketa hasi aurretik.