Zumaia Gukan jarraitu ahal izango da zuzenean Torreagako etxebizitzen zozketa

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 11

Torreagako etxebizitzen obrak martxan. (Juan Luis Romatet)

Bihar eguerdian egingo dute Torreagako babes ofizialeko etxebizitzen zozketa, Komentuko kaperan. Zozketa online jarraitu ahal izango da Zumaia Gukan eta Zumaiako Udaleko webgunean.

Torregan egiten ari diren 43 babes ofizialeko etxebizitzak zozkatuko dituzte bihar eguerdiko 12:00etan, Komentuko kaperan. Zozketa notario aurrean egingo dute, eta ekitaldia irekia izango da. Hala ere, online jarraitzeko aukera izango da Zumaia Gukaren (zumaiaguka.eus) eta Zumaiako Udalaren (zumaia.eus) webguneetan. 

Lehenik eta behin etxebizitza egokituen zozketa egingo dute, eta ondoren kupo orokorrekoak. Udalak aditzera eman duenez, lehenbizi, esleitutako zenbaki bezainbeste bola sartuko dituzte bonboan, bakoitza zenbaki batekin. Bola bat aterako dute, eta bola horri dagokion zenbakia eta hurrengo 42 zenbakiak dituzten pertsonak edo bizikidetza unitateak izango dira etxebizitzen behin behineko esleipendunak.

Udalak azaldu du etxebizitza zehatzak notario aurrean esleituko direla, "bizikidetza unitatearen beharretara egokituta". "43 behin-behineko esleipendunak bizikidetza unitateko kide kopuruaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera. Kide kopuru berdina den kasuetan, zozketan izandako lehentasun ordena errespetatuko da", informatu du baita ere.

Itxaron zerrenda ere egingo dute, etxebizitzarik gabe geratu diren guztien artean. Etxebizitzaren bat esleitu gabe geratzen den kasuan, etxeen sustatzaileak itxaron zerrendako hurrengo zerrendako hurrengo pertsonari edo bizikidetza unitateari esleituko dizkio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide