Finalera sailkatu da Frida Watkins, Winter Series txapelketan

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 10a

Erika Mugartegirekin bikotea osatuta, garaipena erdietsi zuen atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatutako lehen finalerdian. Datorren astelehenean jokatuko dute bigarren finalerdia, eta han erabakiko da zer bikote izango duten aurkari finalean. 

Final laurdenetan abiatu zuten Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi pilotalekuan jokatzen ari diren Winter Series zesta punta txapelketako bidea, eta beraiek izan dira finalera sailkatzen lehenak. Atzo arratsaldean jokatu zuten txapelketako lehen finalerdia, Elaia Gogenola eta Eneritz Lizardiren aurka.

Ez ziren gauzak ondo hasi Markina-Xemeingo eta Zumaiako puntistentzat, 15 eta 6 emaitzarekin galdu zutelako lehen jokoa. Mugartegi eta Watkins ez ziren, ordea, kikildu eta hortzak estututa, 8 eta 15 emaitzarekin irabazi zuten bigarren jokoa. Berdinketa 5 tantoko joko laburrean erabakiko zen. Gogenola eta Lizardi aurretik jarri ziren 2 eta 0, baita 3 eta 1 ere, baina jokoko azken hiru tantoak bizkaitarrarentzat eta gipuzkoarrarentzat izan ziren, eta 3 eta 5 emaitzarekin irabazita lortu zuten finalerako txartela.

Datorren astelehenean jokatuko dute txapelketako bigarren finalerdia. Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik final laurdenetatik datozen Ihart Arakistain eta Maia Goikoetxea izango dituzte aurkari. Partida horretako irabazlea izango dute Mugartegik eta Watkinsek aurkari finalean. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide