Helene Alberdik eta Martin Amilibiak irabazi dute Zumaiako 41. Herri Lasterketa

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 7a

Kepa Urbieta eta Naiara Zubillaga izan dira azkarrenak lasterketa laburrean. Guztira, 450 korrikalarik hartu dute parte Zumaiako krosean.

Atletismo festa bizi izan da gaur arratsaldean Zumaian. 41. Herri Lasterketa jokatu dute arratsaldeko lehen orduetatik aurrera, eta eguraldia lagun zutela, zeru goibelarekin baino atzokoak bezalako euriterik gabe, 450 lagun aritu dira saltaka herriko kaleetan zehar egokitutako zirkuituan. 

Adin txikikoen korrika saioek eman diote hasiera aurtengo herri lasterketari. Kimuen kategoriako gaztetxoek 1.050 metro egin dituzte, 2.100 metro infantilek eta kadeteek, eta 250 metro benjaminek eta aurrebenjaminek. Denek ere gogotsu egin dituzte euren saltaka saioak.

17:00etan puntuan abiatu dira helduen kategoriako korrikalariek. Batzuk proba laburra egin dute, 5.600 metrokoa, eta besteek, 10.200 metroko proba luzean. Azken horretan, gizonetan, lehia gogorra mantendu dute Martin Amilibia zumaiarrak eta Endika Donnay bergararrak. Hurbil jarraitu die Juan Carrascal bilbotarrak. Ia hamar kilometroan bata bestearen alboan joan eta gero, azken metroetan atzean utzi du Amilibiak Donnay, eta bakarrik heldu da helmugara Beheko plazara bertaratu direnen txalo artean. 

Emakumeen proban, erraztasunarekin nagusitu da Helene Alberdi zumaiarra. Lehen metroetatik hartu du burua Alberdik, eta probak aurrera egin ahala, aldea handitzen joan da aurkariekiko. Hala, bakarrik heldu da Alberdi helmugara, bigarren izan den Eider Bereziartuarekiko ia zazpi minutuko aldearekin. Hirugarren Oihane Ramada donostiarra izan da. 

Proba laburrean ere irabazleetako bat zumaiarra izan da, Kepa Urbieta hain zuzen ere. Bigarren Aritz Garin villabonatarra izan da, eta hirugarren Asier Garcia zumaiarra. Urbieta Oruesagasti familiak pozik egoteko arrazoia bikoitza izan da: Kepa lehena izan bada gizonetan, arreba Marak bigarren egin du emakumeetan. Zaragozatik etorritako Naiara Zubillaga bakarrik izan da hobea helmuga puntuan. Hirugarren, Lezoko Beatriz Males izan da.

Sailkapenak

10.200 metro gizonak

  1. Martin Amilibia: 0:32:39.
  2. Endika Donnay: 0:32:57.
  3. Juan Carrascal: 0:33:40.

10.200 metro emakumeak

  1. Helene Alberdi: 0:36:16.
  2. Eider Bereziartua: 0:43:11.
  3. Oihane Ramada: 0:43:50.

5.600 metro gizonak

  1. Kepa Urbieta: 0:17:08.
  2. Aritz Garin: 0:17:34.
  3. Asier Garcia: 0:18:39.

5.600 metro emakumeak

  1. Naiara Zubillaga: 0:20:19.
  2. Mara Urbieta: 0:21:45.
  3. Beatriz Malez: 0:22:20.

Lasterketa luzeko sailkapena hemen ikus daiteke, eta laburrekoa, aldiz, hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide