Argitaratu dituzte Torreagako etxebizitzetarako behin betiko zerrendak

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 4a

Torreagako etxebizitzen obrak martxan. (Juan Luis Romatet)

Babes ofizialeko etxebizitzen zozketa martxoaren 12an egingo dute, eguerdiko 12:00etan, Komentuko kaperan. Zozketa zuzenean jarraitu ahal izango da zumaiaguka.eus eta zumaia.eus webguneetan.

Torreaga fundizio zaharrak utzitako lursailean egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzetarako interesa agertu zuten guztien artean galbahea pasa ondoren, eta behin helegite epea amaituta, onartuak eta baztertuak izan direnen behin betiko zerrenda argitaratu du Zumaiako Udalak. 

Onartuen eta baztertuen zerrenda hemen ikus daiteke. Zerrendetan, ondorengo datuak agertzen direla ere informatu du udalak: Etxebideko espedientean eta eskabidearen buruan agertzen denaren izen-abizenak, zer kupotan parte hartzen duen, eta erakundeak partaide bakoitzari zozketarako ausaz esleitutako zenbakia edo zenbakiak.

Zozketa martxoaren 12an

Hurrengo ostegunean, martxoaren 12an, egingo dute babes ofizialeko etxebizitzen zozketa. Eguerdiko 12:00etan egingo dute, Komentuko kaperan, eta notario aurrean izango da. Zozketa zuzenean jarraitu ahal izango da Zumaiako Gukaren (zumaiaguka.eus) eta Zumaiako Udalaren (zumaia.eus) webguneen bidez. 

Lehenik eta behin etxebizitza egokituen zozketa egingo dute, eta ondoren kupo orokorrekoak. Udalak aditzera eman duenez, lehenbizi, esleitutako zenbaki bezainbeste bola sartuko dituzte bonboan, bakoitza zenbaki batekin. Bola bat aterako dute, eta bola horri dagokion zenbakia eta hurrengo 42 zenbakiak dituzten pertsonak edo bizikidetza unitateak izango dira etxebizitzen behin behineko esleipendunak.

Udalak azaldu etxebizitza zehatzak notario aurrean esleituko direla, "bizikidetza unitatearen beharretara egokituta". "43 behin-behineko esleipendunak bizikidetza unitateko kide kopuruaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera. Kide kopuru berdina den kasuetan, zozketan izandako lehentasun ordena errespetatuko da", informatu du baita ere.

Itxaron zerrenda ere egingo dute, etxebizitzarik gabe geratu diren guztien artean. Etxebizitzaren bat esleitu gabe geratzen den kasuan, etxeen sustatzaileak itxaron zerrendako hurrengo zerrendako hurrengo pertsonari edo bizikidetza unitateari esleituko dizkio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide