Kofradiaren eraikina berreskuratzea proposatu du Aitor Estebanek Zumaian

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 20a

Aitor Esteban (erdian), Zumaiako Kofradiaren balkoian. (EAJ)

Aitor Esteban EAJko presidenteak Zumaiako Kofradia bisitatu zuen ostegunean, eta eraikin hori berreskuratzea proposatu zuen.

Aitor Esteban EAJko Euskadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea Zumaian izan zen ostegunean, eta "lurraldeari errotutako turismo eredua" bultzatzeko proposamenak aurkeztu zituen bertan, besteak beste, Kofradiaren eraikina berreskuratzea proposatu zuen.

Estebanek Kofradia ezagutu zuen, eta bere alderdiak defendatzen duen turismo ereduari buruz duen ikuspegia partekatu zuen: "Eredu jasangarria, orekatua eta zumaiarrak erdigunean jartzen dituena", nabarmendu zuenez. Ziurtatu zuen, gainera, EAJk "Zumaia bisitatzen dutenen esperientzia aberastuko duen eta bertako kultura, hizkuntza eta tradizioen partaide bihurtuko dituen eskaintza turistikoa" sustatzen duela.

Haren ustez, Kofradiaren eraikina berreskuratzea litzateke EAJk aldarrikatzen duen turismo eredua sustatzeko neurrietako bat, "udalerriaren izaeran sakon errotuta dagoen espazioa" denez gero. "EAJk eraikin hau kultur eta ondare erreferente bihurtzea proposatzen du, kudeaketa eredu integral batekin", adierazi zuen.

Alderdi jeltzaleak irudikatu du jada San Telmo Kofradiak izango lukeen itxura: beheko solairua Flyschera joan-etorriak egiten dituzten itsasontzien tiketak saltzeko eta tokiko produktuak balorizatzeko erabiltzea proposatzen du, eta gainera, Kofradiako salmenta aretoaren presentzia eta irekiera indartzea planteatzen du, Zumaiako eta inguruko haurrek ezagutu dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide