Indarkeria sexista kasuei erantzuteko protokoloa eguneratu du Zumaiako udalak

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 24a

Indarkeria sexistaren aurkako protokolo berritua sinatzeko bilkura, otsailaren 5ean. (Zumaiako Udala)

2013an sortutako protokoloa eguneratu du beste behin udalak. Berrikuntzen artean, "genero indarkeria" beharrean "indarkeria sexista" adiera erabiltzea lehenetsi du erakundeak, kontzeptu horrek emakumeek jasaten dituzten zapalkuntza guztiak barnebiltzen dituelakoan.

Indarkeria sexista kasuei erantzuteko protokoloa eguneratu du Zumaiako Udalak, indarkeria matxistaren aurrean erantzun koordinatua, eraginkorra eta integrala bermatzeko helburuarekin. Otsailaren 5eko bilkuran sinatu zuten udaleko ordezkariek protokolo berritua.

Indarkeria sexista jasan duten pertsonen eskubideak babesteko nahiz horiei berehalako arreta eskaintzeko, erakundeen eta profesionalen arteko koordinazioa indartzen saiatu da udala. Horretarako, udaleko hainbat sailek eta zerbitzuk parte hartu dute protokoloa berritzeko prozesuan; besteak beste, izarte Zerbitzuek, Udaltzaingoak, Berdintasun Sailak eta Emakumeon Etxeak, baita Osakidetzak, Ertzaintzak, Soldadura Zentroak, herriko ikastetxeek eta Lanbidek. Udalak azaldu duenez, protokolo berrituak agente horien prestakuntza indartzea aurreikusten du, "bigarren mailako biktimizazioa saihesteko eta arreta kalitatezkoa bermatzeko".

Indarkeria egoerak garaiz detektatzeko, indarkeria sexista jasan duten pertsonei informazioa, laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala eskaintzeko, eta beharrezko babes neurriak aktibatzeko bide-orria zehazten du dokumentu horrek. Eta erakundeen erantzun koordinatua indartzeaz gain, udalak ziurtatu du arreta berezia jartzen duela prebentzioan, sentsibilizazioan eta herritarren inplikazioan.

"Indarkeria sexista" hobetsi dute

Udalak eguneratu berri duen protokoloa 2013an jarri zen indarrean lehenengoz, eta geroztik, hainbat bider berrikusi eta eguneratu dute. Azken eguneraketa Zumaiako IV. Berdintasun Planaren barruan kokatzen da, eta dokumentuak jasotzen dituen berrikuntza nagusien artean, "genero indarkeria" kontzeptuaren partez, "indarkeria sexista" terminoa erabiltzea erabaki dute, adiera horrek emakumeek jasaten dituzten indarkeria mota guztiak barnebiltzen dituelakoan.

Halaber, lege berriak txertatu dituzte, eta protokoloan parte hartzen duten eragileen sarea zabaldu eta eguneratu dute, besteak beste, buru osasuneko zerbitzuen eta Emakumeon Etxearen parte hartzea sendotuz.

Udalak gogorarazi du zerbitzu guztiak doakoak eta konfidentzialak direla, eta profesionalek emakume bakoitzaren denborari eta beharrari erantzuten diotela. Halaber, salaketa formala jarri ez duten emakumeek ere jaso dezakete laguntza eta orientazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide