Jarduera fisikoa egitera bultzatu nahi duen programa, abian

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 19a

Atzo egindako aurkezpeneko irudia. (Juan Luis Romatet)

Abante! izena jarri diote Zumaiako zerbitzuari, eta haren funtsa da herritarrak jarduera fisikoa egitera animatzea. Asteazkenetan emango dute arreta, Aitzuri pilotalekuan.

Arrazoi batengatik edo bestearengatik ariketa fisikorik egiteko ohiturarik ez duten herritarrak besaulkitik jaiki eta jarduera fisikoa egitera animatzeko zerbitzua jarri du martxan Zumaiako Udalak. Abante! izena jarri diote programa horri, eta pasa den astetik dagoela martxan iragarri zuten atzo Zumaiako osasun zentroan egindako prentsaurrekoan. Agerraldian izan ziren Iñaki Ostolaza alkatea eta Aitor Manterola zinegotzia; Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari Ander Etxabe; Zumaiako anbulatorioko arduradun Inma Lizaso eta Alex Vita sendagilea; eta egitasmoa kudeatuko duten Athlon kirol medikuntza zerbitzuko kideak.

Ostolazak prentsaurrekoan gogoratu zuen udalak aspalditik zuela jarduera fisikoa sustatzea helburu izango zuen programa bat abiatzeko gogoa. "2019an udal gobernuan sartu ginenetik, Zumaia bizitzeko da izan da gure leloa, eta horren barruan sartzen da bizitza ahalik eta osasuntsuena edukitzea ere, herritarrak hobeto bizi ahal izateko", nabarmendu zuen. Herrian egiten diren kirol jarduerez haratago, jarduera fisikoa sustatzea nahi zuten udal agintariek, "gizarte osasuntsuagoa edukitzeko eta bizi kalitatea hobetzeko". 

Abante! programa herriko ikastetxeekin, osasun zentroarekin eta Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean sortu dutela ere nabarmendu zuen alkateak. "Anbulatoriotik dagoeneko lau lagun bideratu dituzte Abante! programara, eta etorkizunean eskoletatik edo Gizarte Zerbitzuetatik antzera egingo dutela uste dugu". Hala ere, anbulatorioko arduradun Inma Lizasok gogoratu zuenez, norbanakoek ere izango dute programa horretan parte hartzeko aukera, beren gogoz, eskoletatik edo osasun zentrotik bideratu gabe.

Elkarrizketa lehendabizi

Athlon kirol medikuntzako kideek kudeatuko dute zerbitzua Zumaian. Athloneko kide Leire Juanbeltzek azaldutakoaren arabera, astean egun batean artatuko dituzte programa horretan parte hartu nahi duten herritarrak. Asteazkenetan izango da hitzordua, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, Aitzuri pilotalekuan. Programan interesa duen edozein bertaratu ahal izango du pilotalekura, agerraldian adierazi zutenez. 

14:00etatik 16:00etara bitartean, berriz, osasun zentroan egongo dira, baina azken kasu horretan, anbulatorioak bideratutako kideei bakarrik emango diete arreta. Guztien kasuan ere, zerbitzua doakoa izango dela nabarmendu zuten, "salbuespenik gabe". 

Hasteko, programan parte hartzeko interesa agertzen duten herritarrak elkarrizketatuko dituzte, "beraien beharrak zein diren jakiteko, baita lesiorik edo min kronikorik duten jakiteko ere". Saio hori elkar ezagutzeko modua izango dela ere azpimarratu zuen Juanbeltzek. Ondoren, herrian kirolaren eta jarduera fisikoaren bueltan dagoen eskaintza zein den azalduko diete: kiroldegia, adinekoekin egiten dituzten Tipi Tapa ibilaldiak... "Helburua da herritar horiek gustura sentitzea jarduera fisikoa eginda", gaineratu zuen Juanbeltzek.

Abante! programan parte hartuko dutenei jarraipena egingo zaiela ere eman zuten jakitera agerraldian, "jakiteko nola dauden, eta beraiek ere sentitzeko norbait badagoela beraiekin, ez daudela bakarrik".

Etorkizunera begira, ez dute baztertzen kirol jarduera horiek taldean egiteko aukera eskaintzea. Hala ere, informatu zuten taldekako jarduera horietan zerbitzuko erabiltzaileek bakarrik parte hartu ahal izango luketela.

Kontaktuak

Programaren berri izateko edo bertan parte hartu ahal izateko, interesdunek 688 60 92 09 telefono zenbakira deitu dezakete edo abante@zumaia.eus helbide elektronikora mezua bidali.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide