Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia izango da otsailaren 7an

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 30a

Komentuko lorategiko artxiboko irudia. (Guka)

Ekitaldia 12:00etan hasiko da, eta San Pedro abesbatzaren emanaldiaren ondoren, Iñigo Segurola paisajistak ibilaldi gidatua eskainiko du lorategian. Bisita gidatuan parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez, otsailaren 2tik 4ra artean. 

Irailaren 24an zabaldu zuten Komentuaren parte bat, kultur arloari eskainitakoa. Azken hilabeteotan, ordea, eraikina eta haren ingurua txukuntzen aritu dira, eta udalak jakinarazi du amaitzear direla lorategiko eta Arritokieta kaleko sarrerako lanak. Otsailaren 7an egingo dute zati horren irekiera ekitaldia, hain zuzen. 

Lorategia berritu arren, "berezko izaerari eta egitura mailakatuari" eutsi diotela azaldu du Marina Bidasoro Kultura zinegotziak, batetik. Izan ere, hiru mailatan antolatu dituzte landaketak: goikoan fruitu-arbola arruntenak eta buganbillak; erdikoan, mikroklimari lotutako fruitu exotikoak eta zitrikoak; eta behekoan, itzala eta freskotasuna emango duten zuhaitzak eta landare apaingarriak. 

Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak, berriz, azaldu du Komentuko lorategiaren berritzea ez dela ekimen isolatua: "Komentuaren osagarri bikaina izango da; baina, bestetik, herritarrentzako gune berde atsegin eta erabilgarri bihurtzeko helburua ere badu". Udalak duen "ikuspegi orokorrari" erantzuten dio proiektuak, Yeregiren esanetan: gune berdeak zabaltzeko eta biziberritzeko ikuspegiari, hain zuzen ere. Erkibe lorategia Beheko plazarekin lotzeko lanak eta aurten abiatu asmo dituzten Marianton parkeko lanak aipatu ditu udalak, besteak beste. Ongizatea, kohesio soziala eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen Zumaia eraikitzea da helburua, udalaren arabera. 

Lorategian landare eta zuhaitz espezie ugari pilatu dira bertan, eta badu erabilera historiko eta kultural bat, Komentuan bizi ziren mojek bertan hazitako fruitu arbolak, lore jangarriak eta usain belarrak baliatzen baitzituzten. Eraberritzean, lorategiaren izaera historikoari eutsi nahi izan diote, udalak azaldutakoaren arabera: mantenduko dituzten zuhaitz eta landareen artean dira bi muxika, hiru intxaurrondo, laranjondo bat, limoiondo bat, bi ahuakateondo, bost kiwi zuhaitz, bi urritz, pikondo bat, bi sagarrondo, kakiondo bat eta erramu handi bat. Iñigo Segurola paisajistak diseinatu du proiektua eta Kimu Bat enpresak gauzatu.

Egunero zabalik

Otsailaren 7an egingo dute irekiera ekitaldia: Arritokieta kaleko sarreran 12:00tan elkartu, eta San Pedro abesbatzaren emanaldia izango da lehenbizi. Segurolaren azalpenak entzun bitartean, lorategia gertutik ezagutzeko aukera izango da gero. Horretarako, beharrezkoa da izena ematea, otsailaren 2tik 4ra bitarte, Alondegira jota, 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta edo alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita.

Egun horretatik aurrera, egunero zabalik izango da Komentuko lorategia, 10:00etatik 20:30ak artean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide