Bihar itxiko ditu ateak Balenciaga arrandegiak

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 30a

Arraindegiko arduradunak, herenegun. (Juan Luis Romatet)

Duela 49 urte Zumaiako Goiko Plazako azokan zabaldu zuten arrandegiak bihar igoko du azkenekoz pertsiana. Alde Zaharrean zabalik jarraitzen zuen saltoki apurretakoa izan da.

Ez dago XX. mende hasierara joan beharrik, ezta 1936ko gerra ostera ere. Aurreko mendeko 80ko hamarkadan ere saltoki ugari zeuden martxan Zumaiako Alde Zaharrean. Herriko beste auzoetan gutxi batzuk zeuden arrren, dendak barra-barra aurkitu zitezkeen Goiko Plazaren, Sanjuaniturriren eta San Jose kalearen artean: makina bat harategi, oinetakoen dendak, okindegiak, arropa dendak eta abar. Baserritarren azoka ere plazaren alboan zegoen, egun Eroski aurkitzen den lekuan. 

Denborarekin, gizartearen aldaketekin, saltokiak banan-banan joan dira ixten, eta bizirik zegoen auzoa, hirugarren sektoreari dagokionez, ia desertu bilakatu da. Saltoki gutxi batzuk geratzen dira zabalik, eta bihartik aurrera bat gutxiago egongo da, mende erdiz arraina saltzen aritu den Balenciaga arrandegiak pertsiana jaitsiko duelako. 

Penarekin, baina arrandegia ixteko erabakia hartu du urte askoan haren ardura izan duen Igone Balentziagak. Duela 49 urte zabaldu zuten negozioa haren gurasoek Goiko Plazako azokan, eta Igonek berak 38 urtean egin du lan bertan, azken urteotan lehengusuarekin batera. Berea izan da azoka garaitik bizirik jarraitu duen postu bakarra. "Ines geratzen da, baina hura ere ez da egunero etortzen", adierazi du Balentziagak, alboan izaten duten baserritarra gogoratuz. 

Agurreko ekitaldirik ez

Bihar eguerdian emango dute amaitutzat arrandegiaren historia luzea. Ez dute ezer berezirik egiteko asmorik; halako ekintzak oso gustuko ez dituztela diote, eta urte hauetan guztietan egin bezala, lan egingo dute azken egunean ere, bezeroei arraina salduz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide