Emozioetan eta bizipenetan blai

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 28a

Ezkerretik, Irene Hernando, Esti Curiel eta Amaia Ruiz de Galarreta. (Juan Luis Romatet)

Esti Curielek, Amaia Ruiz de Galarretak eta Irene Hernandok osatu duten Lolak kolektiboak Zanbuila antzezlana estreinatuko du martxoaren 13an Zumaian.

Makina bat antzezlanetan, filmetan edo ikus-entzunezko proiektutan aritu izan dira Esti Curiel, Amaia Ruiz de Galarreta eta Irene Hernando aktoreak azken urte hauetan, baina martxoaren 13an Zumaiako Aita Mari aretoan aurkeztuko duten Zanbuila antzezlana izango da Lolak kolektibo berriaren aterpean taularatuko duten lehena. Pasa den astean izan ziren Zumaiako Komentuan entseatzen, eta estreinaldiaren egunera arte lurraldeko beste espazio batzuetan arituko dira antzezlanari azken ukituak ematen. 

Ruiz de Galarreta aktoreak azaldutakoaren arabera, Curielek antzezlan bat ontzeko zuen ideia izan da Lolak kolektiboa sortzeko abiapuntua. "Beti egin izan dugu lan besteentzako, antzerkian edo ikus-entzunezkoetan. Estik bazuen istorio bat kontatzeko, eta bere ideia izan zen guri deitzea", azaldu du entsegu saioa amaitutakoan. 

"Beraiekin egin nahi nuen lan", berretsi du Curielek. "Ezagutzen ditut, harremana dugu, eta aktore bezala ere haien balioa azpimarratzen dut", gaineratu du. Antzezlana sortzeko deitu zienean, prest agertu zen zumaiarra ardura gehienak hartzeko. "Beraiek esan zidaten talde bezala egin nahi zutela lan. Hiruron arteko sormen prozesua izatea proposatu zuten, eta oso ondo iruditu zitzaidan", esan du Curielek. "Guk ere ardura hartu nahi genuen, eta hortik sortu da Lolak kolektiboa, nolabait hirurak ordezkatzen gaituen zerbait delako. Zanbuila izango da gure lehen antzezlana", gehitu du Ruiz de Galarretak. "Beste bi antzezlanetarako ideiak baditugu, baina lehenengoarekin hasiko gara", azaldu du Hernandok.

Konpainia berriak hiru partaideen izaera gordetzen duela azpimarratu dute. Aktoreak izateaz gain, "sortzaileak eta zuzendariak" ere badirela nabarmendu du Ruiz de Galarretak. "Badugu esateko zerbait eta modu bat, kode artistiko bat", nabarmendu du. Curielen esanetan, ezinbestekoa zen kolektiboak beraien estiloa jasotzea: "Gure kontatzeko era, baita mundua kontatzeko gure ikuspuntua ere". Hernandok adierazi duenez, "oso ados" egoten dira hirurak gauza askotan, eta badakite "zerk funtzionatzen duen eta zerk ez". Zera azpimarratu du: "Ederra da ikustea bide beretik goazela, eta oso erraz ari gara [antzezlana] aurrera ateratzen".

Hernandoren ustez, erraztasun horren giltzarria "komunikazioa" da. "Kanpotik oso prozesu konplexua ematen du, baina gu ez gara ari horrela bizitzen. Momentuz, behintzat, arin doa. Badakigu nora iritsi nahi dugun", azaldu du. "Argi daukagu zer nahi dugun kontatu; orain lantzen ari gara kontatu nahi dugun hori nola kontatu, eta, batez ere, zer nahi dugun ikusleek sentitzea", gaineratu du Ruiz de Galarretak.

Itsasoaren kutsua

2022an Zumaiako Udalak Esti Curieli emandako sormen beka da datorren hilean Zumaian lehendabizikoz erakutsiko duten antzezlanaren hazia. "Itsasoarekin zerikusia zuten Zumaiako emakume batzuk elkarrizketatu nituen: senarrak sei hilabetez itsasora joan eta familiak aurrera beren kabuz ateratzen zituzten emakumeen bizitzak jaso nituen, baina baita arrandegietan lana egiten zuten emakumeenak edo saregileenak ere". Testigantza horiek entzuteak barrenak mugitu zizkiola onartu du Curielek. "Elkarrizketa haietatik abiatuta antzezlan bat sortzeko ideia izan nuen, baina ez nekien nola egin", dio zumaiarrak. 

Elkarrizketatutako emakume horiez "maitemindu" bazen ere, garbi zuen Curielek gaur egungo istorio bat kontatu nahi zuela. "Amaiarekin eta Irenerekin lanean hasi nintzenean, esan nien, elkarrizketa horiek hor bazeuden ere, gaur egungo zerbaitez hitz egin nahi nuela", azaldu du aktore zumaiarrak. Haren esanetan, "istorioa ez da izango egindako elkarrizketa horiei buruzkoa erabat, baina zeharka agertuko dira pertsonaia horiek, kostaldeko emakume horiek". Nahiz eta elkarrizketetan jasotako esaldi batzuk berreskuratu dituzten, pertsonaia guztiak asmatutakoak direla nabamendu dute.

Hala, kostaldeko herri batean bizi diren belaunaldi desberdineko emakumeak dira Zanbuila-ko pertsonaiak. Batetik, Itziar dago, krisialdian dagoen 39 urteko emakume bat, eta haren bidez agertuko dira beste pertsonaiak: Karmen, adineko emakume bat, eta haren alaba, Arritxu. "Egoera aztoratuko duen gertakari bat izango da, eta orduan ikusiko dugu Itziarrek zer bide hartzen duen", laburbildu du Hernandok.

Bidelagunak

Oraingoz, Zumaiako estreinaldiaz gain, beste bost emanaldi dituzte hitzartuta: martxoaren 26an Eibarren (Gipuzkoa) izango dira, apirilaren 24an Getxon (Bizkaia), maiatzaren 9an Donostian, maiatzaren 29an Tolosan (Gipuzkoa), eta urriaren 16an Aretxabaletan (Gipuzkoa).

Kolektiboa osatzen duten hiru emakumeek laguntzaile talde bat izan dute ondoan Zanbuila-ren prozesuan: idazketa prozesuan Kepa Errasti izan dute mentore lanetan; eszenaratzean Dejabu konpainiak lagundu die; eta amaieran Iraia Elias arituko da "obra garbitzen". Musika Maria Zubimendi zumaiarrak konposatuko du, eta argien diseinua David Alkortak sortuko die. "Kristoren bidelagunak ditugu. Lehen proiektua izateko, oso eskertuta gaude", dio Ruiz de Galarretak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide