Malen Etxea elkarteak bigarren urtez antolatu duten Memoria eta sorkuntza laborategiaren emaitza jaso du elkarteak Basadi auzategian duen egoitzan. Elkarteak dituen idatzi eta objektu batzuez baliatuz, elkartearen eta hura osatzen duten lagunen historia errepasatu nahi izan dute. "Euskal Herrira etorritako emakume migratzaileen bizipenak jasotzen dira, eta kontatzen da haien bizi baldintzak nola hobetu diren elkarteko kide bihurtu direnetik", azaldu dute antolatzaileek.
Memoria lanketa hori sormenaren eta irudimenaren bidez landu nahi izan dute. Aurtengo laborategiko gaia Etxea izan dela eman dute jakitera. "Malen Etxeak Zumaian eta Zestoan dituzten harrera etxeetako –hirugarren bat ere izan zuen Azpeitian– historiak bildu ditugu, han bizi izan ziren emakumeen bizipenak jasoz. Bestetik, etxe bat bizileku bihurtzen duten nozioak ere landu nahi izan ditugu", gaineratu dute. Malen Etxearen artxibategitik abiatuta, eskulturak, margoak edota marrazkiak egin dituzte.
Non kantatzen dudan, non bizi naizen erakusketa atzo arratsaldean zabaldu zuten, eta gaur eta bihar bisitatu ahal izango da, Malen Etxearen egoitzan. Gaur 11:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta bihar 16:00etatik 19:00etara.