Bihar jokatuko dute Portugaleteko XIV. Traineru Jaitsiera

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 24a

Getariako Esperantza trainerua Hondarribian. (Aitor Arrizabalaga)

Urola Kosta eskualdeko emakume nahiz gizon seniorren traineruak parte hartuko du jaitsieran, baita beteranoen ontziek ere. 12:00etan hasiko dira estropadak.

Portugaleteko (Bizkaia) San Nikolas Arraun Taldeak antolatuta, bihar jokatuko da Portugaleteko XIV. Traineru Jaitsiera Bizkaiko herrian. 62 ontzik parte hartuko dute hainbat kategoriatan, eta bertan izango dira eskualdeko ontziak ere. 

Getariak ontzi bat uretaratuko du, gizon seniorrera, hain justu; Oriori dagokionez, emakumezkoen nahiz gizonezkoen traineruak aurkeztuko dira, baita beteranoen bi ontziak ere; Zarauzko traineruak ere bertan izango dira, emakume nahiz gizon seniorrenak, zehazki; eta azkenik, Zumaiak beteranoen eta emakumeen traineruak uretaratuko ditu.

20 ontzi lehiatuko dira beteranoetan, hamabi emakumezkoetan, 28 gizonezkoetan, eta bi, gazteetan.

Hala, eguerdiko 12:00etan hasiko dira estropadak. Senior emakumeek, beteranoek eta gazteek 4.000 metroko distantzia egingo dute, eta senior gizonek, 5.500 metrokoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide