Balenciaga ontziolan 50 lanpostu sortzea aurreikusi du Abu Dhabi Ports taldeak

Maria Maya Manterola 2026ko urtarrilaren 22a

Balenciaga airetik. (Balenciaga ontziola)

Arabiar Emirerri Batuetako taldeak abenduan ontziola eskuratu zuenetik egin dituen lehen adierazpenak izan dira. Lanpostuak sortu nahi dituzte, batetik, etorkizuneko proiektuei erantzuteko; eta bestetik, esku artean dituztenak babesteko.

Etorkizuneko proiektuei erantzun eta, esku artean dituztenak babesteko, Balenciaga ontziolaren jabe den Abu Dhabi Ports taldeak 50 lanpostu sortzea aurreikusi du. Hala jakinarazi dute berri agentziek gaur, osteguna. Arabiar Emirerri Batuetako taldeak abenduan eskuratu zuen Zumaiako ontziola 11,2 milioi euroren truke, eta salerosketaren ondoren egin dituen lehen adierazpenak izan dira horiek. 

Ohar bidez esan dute itsas merkatu eoliko globalari egiten dion ekarpena indartu egingo dutela lanpostu gehiago sortuta. Nazioarteko hedapenaren inguruan aritu da Ammar Al Shaiba Abu Dhabi Ports taldeko Itsas eta Itsasontzi Klusterreko zuzendari exekutiboa, eta ontziolaren garrantzia nabarmendu nahi izan du. Esan du ia mende bateko esperientzia duela Balenciagak ontzigintzan eta abangoardiako azpiegituran. Bi dike lehor, 105 metroko harmaila bat eta automatizazio- eta fabrikazio-teknologia aurreratuez hornitutako 22.385 metro koadroko fabrika bat dituela gaineratu du, baita 3.530 metro koadroko ebaketa- eta ekoizpen-planta bat ere. Haren hitzetan, ezaugarri horiek dituen estatu mailako ontziola bakanetakoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide