Rio Negroko estropada irabazi du Josefa Molinak, Argentinan

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 22a

Josefa Molina, eskuinean, irabazleen garaikurrarekin. (Utzitakoa)

Izen bereko ibaiaren jaitsieran gailendu da zumaiarra, Aitana Gastaldo valentziarrarekin k2-a osatuta. 415 kilometroko bidea egin dute piraguan.

Josefa Molina piraguista zumaiarrak erronka handia zuen aurrean. Familia bisitatzeko asmoz Hego Amerikara egindako bidaiaz baliatuta, Rio Negro ibaiko nazioarteko estropadaren 50. edizioan parte hartzea erabaki zuen, Argentinan. Ez da nolanahiko kirol jarduera. Izan ere, parte hartzaileek Plottier eta Viedma herriak lotzen dituen 415 kilometroko bidea egin zuten, ibaian behera, piraguetara igota, bederatzi etapatan banatuta. Tartean, bi atseden egun izan zituzten, indarrak berritzeko, baina baita burua arintzeko ere. 

Erronka ezin hobeto atera zaio Itxas Gain klubeko kideari. Izan ere, Aitana Gastaldo piraguista valentziarrarekin k2-a osatuta, open mailan nagusi izan dira biak. 25 ordu, 3 minutu eta 56 segundoan egin zituzten proba osatzen zuten kilometroak, bigarren sailkatuei ia ordubeteko aldea aterata. Lortutako emaitzarekin "pozik" dagoela dio Molinak. "Esperientzia ederra izan da, eta irabaztea egindako lan guztiaren emaitza izan da, sari handi bat", azaldu dio Gukari Hego Amerikatik.

Argentinako lagun batzuek bultzatuta animatu zen aurrez ezagutzen ez zuen piraguismoko estropada horretan parte hartzera. Gaztea izanda ere –2004an jaio zen Txileko Lautaro hirian, eta urte bat geroago etorri zen Zumaiara–, makina bat piraguismoko probatan aritu da, horien artean maratoi modalitatekoetan, baina inoiz ez du parte hartu izan iraupen handiko estropada batean. Alde horretatik, bete beharreko distantziak hasiera batean "errespetua" sortzen ziola azaldu du. "Baina prestaketa ona egin eta pixkanaka konfiantza hartu genuen". 

Proba gogorra

Urtarrilaren 8an abiatu ziren parte hartzaileak, eta 11 egun geroago heldu ziren helmugara. Molinak onartu du ez dela "erraza izan" egun horiek guztietarako prest egotea. "Fisikoki eta mentalki gogorra izan da, baina egunez egun, erritmoa hartzen joan ginen", dio Itxas Gaineko piraguistak. Gaineratu du funtsezkoa izan dela, fisikoki bakarrik ez, buru aldetik ere lanketa egitea. "Bai, zalantzarik gabe. Une txarrak ere pasatu ditugu, eta horietan burua hotz edukitzea eta aurrera jarraitzea funtsezkoa da", iritzi dio Molinak behin proba amaituta.

Estropadaren beraren gogortasunari baldintza meteorologikoak gehitu zaizkio, eta horrek are gogorragoa bilakatu du proba. Uda sasoian daude Argentinan, eta bero handia ari da egiten Hego Amerikako lurraldean. Baldintza horiekin ez zaie Molinari eta Gastaldori erraza egin palakadak ematea. Zumaiarrak gogoan duenez, "beroa oso gogorra izan da; hidratatzea eta erritmoa ondo neurtzea oso garrantzitsuak izan dira". 

Behin Viedmarako helmugara helduta, berehala ahaztu zitzaizkien egun horietan izandako zailtasunak, eta pozaren pozez jaso zituzten beren kategoriari zegozkien garaikurrak. Esperientzia positibotzat jo du bizi izandakoa Molinak, eta iritzi dio baliagarria izan zaiola ikasteko eta bere buruarekiko konfiantza handitzeko. Etorkizunean antzerako erronkei aurre egiteko gogotsu dagoela ere adierazi du. "Orain atseden pixka bat hartuko dut, baina etorkizunean antzeko erronkei berriro heltzeko gogoa badut".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide