'Geoparkearen Tour Birtuala' aurkeztuko dute etzi Fitur turismo azokan

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 20a

Iazko Fiturreko argazkia. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten lurraldea, baliabideak eta nortasuna ingurune digitalean erakusteko tresnaren berri emango dute etzi, Madrilen egingo duten azokan.

Bihar zabalduko dute Madrilen (Espainia) Fitur turismo azoka. Sektoreari zuzendutako erakusleiho handi horretan izango da aurten ere Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta iaz egin bezala, bi standetan izango du presentzia: Euskadikoan eta Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen txokoan. 

Azken honen standean aurkeztuko dute etzi, ostegunean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak prestatu duen produktu berria, Geoparkearen Tour Birtuala izenekoa, hain zuzen. Geoparkea osatzen duten lurraldea, baliabideak eta nortasuna ingurune digitalean erakusteko tresna diseinatu dute oraingo honetan.

Geoparkeko hiru udaletako (Deba, Mutriku eta Zumaia) eta hainbat erakundeko ordezkaritza zabalak parte hartuko du aurtengo turismo azokan. Gainera, modu digitalean ere parte hartuko du eakundeak, izan ere, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen X, Facebook eta Instagram sare sozialetako kanalak erabiliko dituzte komunikaziorako, #geoparquesfitur26 traolarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide