Maila ezin hobean jarraitzen du Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarrak. Iaz Munduko surf txapelketa irabazi zuen El Salvadorren, eta urtea beste podium batekin hasi du, junior mailako Munduko surf txapelketan. Izan ere, urtarrilaren 11tik aurrera Filipinetan jokatutako txapelketa hirugarren postuan amaitu du surflari gazteak.
Ez dituzte baldintza errazenak izan azken egunotan Filipinetako Urbiztondo hondartzan surfa praktikatzeko. Apenas izan duten olaturik, eta asteazkenean final laurdenak jokatu eta gero, lau egun egonez egon behar izan dute zain finalerdiak eta txapeldunak erabakiko zituzten finalak jokatzeko.
Hala, final laurdenetako bere txanda irabazi eta gero, atzo goizean jokatu zuen Janire Gonzalez-Etxabarrik finalerdietako norgehiagoka, Sierra Kerr surflari australiarraren aurka. Esan bezala, ia olaturik ez zuten izan, eta zeuden apurrak hartzea izan zen gakoa. Baldintza horietan hobeto moldatu zen Kerr, eta 11,66 punturekin, berea izan zen garaipena; Gonzalez-Etxabarrik, bere aldetik, 8,43 puntu lortu zituen. Emaitza horrekin, txapelketako hirugarren postua eskuratu zuen zumaiarrak. Australiarren arteko finala, berriz, Isla Huppatzek irabazi zuen.