Bigarrengoz atzeratu behar izan du Zumaiako Udalak Larretxoko igogailuaren irekiera. Gabonen bueltan zabalduko zutela aurreratu zuten lehendabizi, eta aste honetan bertan bigarrengoz. Bietan ere ezinezkoa izan da auzoko irisgarritasuna hobetzera datorren azpiegitura herritarren esku jartzea.
Tontor baten gainean dagoen auzoko mugikortasuna hobetzeko asmoz eraiki dute igogailua, auzoak duen bigarrena. Urte batzuetatik hona martxan dagoenak Ardantzabide eta Larretxo lotzen ditu. Bigarrenak Itzurunbidea eta auzoa lotuko ditu, eta hiru geldiune izango ditu. Iazko otsailean hasi zituzten hura eraikitzeko lanak, urte amaiera bueltan amaituta egoteko asmoarekin. Harekin batera, auzoko irisgarritasuna hobetzeko beste lanketa batzuk ere egin zituzten.
Hala, abenduan aurreratu zuten Gabonen bueltan zabalduko zutela, baina ezinezkoa izan zuten, Argi Yeregi hirigintza zinegotziaren arabera, "hornidura enpresa batzuekin izandako arazoak" zirela medio. "Opor garaian, Iberdrolak ez zuen oraindik jarri igogailuko elektrizitate kutxa", zehaztu du.
Igogailua martxan jartzeko bigarren data bat ere zehaztu zuten, urtarrilaren 16a, bihar, baina egun horretan ere ez dute zabalduko azpiegitura. "Horretarako, teknikariek lan amaieraren ziurtagariria sinatu behar dute, eta gaur-gaurkoz ez dute sinatu", adierazi du zinegotziak.
Bigarren ezusteko horren aurrean, ez dute igogailuaren irekieraren data berririk eman nahi. "Laister izango da, ahal dela datorren astean, baina data zehatzik ez dugu oraindik emango".