Beste txanda bat gainditu du Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarrak egunotan Filipinetan jokatzen ari diren junior mailako Munduko surf txapelketan. Final laurdenak izan dituzte jokoan Urbiztondo Beach hondartzan, eta bere norgehiagoka gaindituta, finalerdietara sailkatu da zumaiarra.
Catalina Zariquiey surflari peruarra izan du aurkari final laurdenetan Gonzalez-Etxabarrik. Sendo aritu da zumaiarra, eta eguneko olaturik onenetakoa ere hartu du; 8,17 puntu lortu ditu zumaiarrak olatu hari esker. Amaieran, 13,80 punturekin nagusitu zaio Gonzalez-Etxabarri, 9,56 puntu lortu dituen Zariquieyri.
Bihartik aurrera jokatuko dituzte txapelketako finalerdiak. Bigarren txandan arituko da zumaiarra, eta Sierra Kerr surflari australiarra izango du aurkari.