Goretti ekaitzak haizea, euria eta hotza ekarri zituen pasa den asteburuan eskualdeko herrietara. Negu gorriko giro horrekin, larunbatean, arratsalde partean, Itsasne Zubiri margolari sondikoztarraren (Bizkaia) kolore bizi eta beroetan murgiltzeko aukera izan zen Zumaiako Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Arratsaldeak iluntzeari paso ematen zion unean zabaldu zuten artista bizkaitarraren Ume begia erakusketa. Haren lanak ikusi bakarrik ez, haren lan prozesua ezagutzeko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek, margoz margo, lanez lan, bisita gidatua proposatu zuelako Zubirik.
Aretoko hormetan zintzilikatutako lan koloretsuei begira jarri zituen Zubirik bisitariak, eta galdetu zien ea zer ikusten zuten haiek margoetan. "Animaliak", erantzun zuen batek; "basoa" besteak. "Bada, animalia gutxi agertzen diren lanak ekarri ditut erakusketa honetara", azaldu zien bizkaitarrak. Haren esanetan, "hiru bildumaz" osatuta dago urtarrilean zehar Zumaian ikusgai izango den erakusketa. Proposamenari izena ematen dion Ume begia da lehena, eta aretoko horma handiena hartzen du horrek; Fantastikoa da bigarren bilduma, sarreratik urrunen dagoen horma hartu duena; eta Zuri-beltzezko marrazkiak daude, azkenik, aretoko leiho handien azpian.
Mihisearen aurrean jartzen denean, inoiz ez duela zirriborrorik egiten adierazi zuen artistak. Hala ere, aukeratutako gaiaren arabera, lan egiteko era desberdina duela esan zuen. "Fantastikoa bildumako lanetan, adibidez, gaia aurretik pentsatu dut, eta haren arabera sortu ditut gero margoak; Ume begian margo sortarako, berriz, elementuak marraztu ditut, eta ondoren gehitu dizkiet koloreak. Kasu horretan, behin oinarrizko formak marraztuta eta kolorea gehituta okurritu zaizkit gaiak", esan zuen.
Aukeratutako kolore bizi eta beroez haratago, bere margoetan kritikari ere tartea egiten diola azaldu zuen Zubirik bisita gidatuan. Hala, futbola, oposizioak, sakelakoak, sare sozialak ("oso kritikoa naiz sare sozialekiko, ez ditugu ondo erabiltzen") edo justizia ("ez dut justizian sinesten") ditu hizpide bere margoetan. Elementu kritiko horiek gehiago nabari daitezke Fantastikoa bildumako lanetan eta marrazkietan.
Garai desberdinak
Garai eta urte desberdinetan egindako lanekin osatu du Zubirik Zumaiako erakusketa. Berrienak, zuri-beltzeko marrazki batzuk, iazko urrian egindakoak direla adierazi zuen. Beste batzuk, aldiz, zaharragoak dira. "Prestige petrolio ontziaren hondoraketaren inguruan egin nuen koadroa, esaterako, duela hogei bat urte Miamin [AEB] bizi nintzela egindakoa da. Bukatu, ordea, duela zortzi bat urte bukatuko nuen margolana".
Sondikan jaioa da Zubiri, baina Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan da, baita Venezuelan ere. "Han ikasi nuen diseinu grafikoa. Txikitatik margotu izan dut, baina serio margotzen geroago hasi nintzen, banandu eta gero". Etxean duen sukalde txiki batean margotzen duela eman zuen jakitera. "Kozinatzen dudan guztia, sukaldean egiten dut", adierazi zuen artistak.
Erakusketa otsailaren 1era arte bisitatu ahal izango da Alondegiko Oxford erakusketa aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Asteburuetan, eguerdietan ere zabalduko dituzte aretoko ateak, 12:30etik 14:00etara bitartean.