Rio Negroko estropadan ari da parte hartzen Josefa Molina piraguista, Argentinan

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 12a

Josefa Molina eta Aitana Gastaldo, Argentinan. (Utzitakoa)

Aitana Gastaldo piraguista madrildarrarekin osatu du k2a kirol proba gogor honetarako. Guztira, 415 kilometro egin behar dituzte, bederatzi etapatan banatuta. Lehen hiru etapak eginda, sailkapeneko buruan dira Molina eta Gastaldo.

Makina bat urtegitan eta ibaitan lehiatu da honezkero Josefa Molina piraguista zumaiarra, baina egun duen erronka "gogorrenetako eta zorrotzenetakoa" dela dio. Izan ere, Argentinan da egunota Itxas-Gaineko piraguista, Rio Negro ibaiko estropadan parte hartzen. Aranjuezgo (Madril, Espainia) Aitana Gastaldo piraguistarekin osatu du k2a, eta egin beharreko lana ez da nolanahikoa: 415 kilometro egin behar dituzte, bederatzi etapatan banatuta. 

Halako mailako proba bati ekiteko, teknikaz gain, erresistentzia ezinbestekoa dela dio zumaiarrak, bai fisikoa, baita burukoa ere. Orain arte egindako lanarekin gustura dira, jokatutako hiru etapetatik bi irabazi dituztelako Molinak eta Gastaldok, eta sailkapeneko buruan dira, bigarrenarekiko 48 segundoko aldearekin. Atzo atseden eguna izan zuten, eta gaur jokatuko dute laugarren etapa, 51 kilometrokoa.

Uda sasoia dute Argentinan, eta bero handiak bizitzen ari direla dio Molinak. "Tenperatura altuek, ibaiaren korronteekin batera, kilometro bakoitza luzeago bihurtzen dute eta nekea etengabekoa da. Badira uneak besoak astun sentitzen ditugunak, arnasa hartzea zail egiten zaiguna, eta halakoetan buruak gorputzak baino gehiago bultzatu behar du", dio piraguista gazteak. "Hala ere, aurrera jarraitzen dugu, erritmoa mantentzen", gaineratu du. 

Sentsazio onak dituztela dio, "nahiz eta beroak ez digun asko laguntzen. Badakigu oraindik asko dagoela egiteko estropada oraindik hasi besterik ez delako egin". Etapa bakoitza borroka ezberdina dela dio Itxas-Gaingo kideak, "eta edozein arduragabekeriek dena aldatu dezake. Oraingoz, tinko jarraitzen dugu, helburu argiarekin: eutsi, arraunean egin eta dena eman Río Negroko tarte bakoitzean".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide