Hotzak ez du zer eginik izan haur zein helduen ilusioaren aurrean

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 5a

Belaontzian heldu diren Errege Magoek desfilea egin dute gaur arratsaldean. Herriko kaleak zeharkatu dituzte, Eusebio Gurrutxagara heldu, eta haurtxo txikia gurtu arte. Ohi bezala, ehunka lagun atera da kalera ekitaldia jarraitzera.

Azken egunotako hotzak etxeko berotasunean gordetzera eraman badu ere, haurren eta ez hain haurren ilusioak indar handiagoa izan du beste behin ere. Egun berezienetakoak dira hauek herritar askorentzat, eta beste behin ere kaleak bete dituzte arratsalde partean. Izan ere, ilunabarrarekin batera heldu dira Errege Magoak Zumaiara, ohi bezala, belaontzian. 

Katxaperoen eztandak eta su artifizialen ikuskizunak eman die ongietorria errioan gora ontzian etorri diren Meltxor, Gaspar eta Baltasarri. Behin Itsas kiroldegi parean lehorreratuta, egun honetarako espresuki egindako karrozetara igo dira, eta zuziak zeramatzaten lagunak, danbor jotzaileak eta Bandako kideak aurretik zituztela, desfileari ekin diote. Bide ertzean oihuka zituzten haurrei gozokiak jaurtiki dizkiete. 

Etxezarreta kalea, Txomin Agirre kaia eta Erribera kalea zeharkatuta, Beheko plazara heldu dira, Jaiotzara, eta han haurtxo txikiaren aurrean belaunikatu dira, hura gurtzeko. Plazara bertaratutakoak agurtu eta haiei ere gozokiak eman eta gero, etorritako bidetik joan dira Erregeak, datorren urterako hitzordua jarri eta gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide