Belaontzian helduko dira Errege Magoak bihar Zumaiara

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 4a

Errege Magoek iaz egin zuten desfileko une bat. (Juan Luis Romatet)

Errege Magoek desfilea egingo dute bihar arratsaldean, 18:30ean hasita, Zumaiako kaleetan zehar. Azken urteotan bezala, belaontzi baten gainean helduko dira herrira. 

Haurrentzako, baina baita helduentzako ere, oso berezia den une bat biziko da bihar arratsaldean Zumaian. 18:30ak aldera hasita, Errege Magoen desfilea egingo da herriko kaleetan zehar. Azken urteotan ohikoa den bezala, belaontzi batetara igota helduko dira herrira. 

Katxapero eta su artifizialen laguntzarekin, errioan gora egingo du ontziak, Itsas kiroldegi parera heltzeko. Han lehorreratuko dira, baita egun horretarako espresuki egindako karrozetara igo ere, desfileari ekiteko. Aurretik, suziriak daramatzaten lagunak, danbor-jotzaileak eta Zumaiako Musika Banda joango da bidea irekitzen. Haien atzetik joango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, bakoitza bere karrozara igota. 

Itsas kiroldegiko aparkalekutik abiatu, eta Patxita Etxezarreta kalean barrena, Zubitxikira helduko da taldea. Txomin Agirre kaitik Erribera kalera sartuko dira, eta handik barrena Eusebio Gurrutxaga plazara helduko dira, Jaiotza dagoen lekura. Han, haurtxo txikia gurtuko dute, baita bertaratutako herritarrak agurtu ere. Berriro ere karrozetara igo, eta Itsas kiroldegi ingurura itzuliko dira, desfileari amaiera emanaz.

Egoitzetara bisita

Aurretik, Errege Magoek adinekoen bi egoitzak bisitatuko dituzte, San Juan egoitza eta Otezuri zentroa, bertako egoiliarrekin garai honetako ilusioa partekatuz. Gaixo egon, eta bisita egitea eskatu duten herritarrekin ere egongo dira Erregeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide