Sambou Diabyren bikotekide Nahikari Nuñezek sare sozialetara igotako bideo baten bidez salatu dute: Bilboko Ledesma kaleko Bilbao Berria tabernatik bota dute Diaby, "kaleko saltzaile bat zelakoan". Nuñezek bideo horretan kontatu du lagun batekin sartu zela atzo aipatu tabernara, eta gero iritsi zen Diaby, Miñan obraren birako azken emanaldia bukatu berritan. Nuñezek salatu duenez, tabernako langile batek bota egin zuen Diaby, taberna horretan ezin zuela saldu argudiatuta.
Haserre atera zen tabernatik Diaby, bideo horretan azaldu duenez. Guka harremanetan jarri da harekin, eta Zumaiako aktoreak azaldu du "bideoan azaldu bezala" gertatu zela. Aitortu du "gaizki" sentitzen dela "bideoa asko zabaldu delako": "Beharbada, halako jokabideak normalizatu ditudalako izango da". Jendaurrean umiliatuta eta minduta sentitu zela salatu nahi izan du Diabyk, eta haserre, kanpora atera zela.
Bideoan kontatu dute erreklamazio orri bat eskatu zutela gero tabernan, eta ukatu egin zietela tabernako arduradunak. "Edariak eskaini zizkiguten, baina ez genuen tragorik hartu nahi, erreklamazio orria bete baizik". "Surrealista" izan zen egoera, Diabyren hitzetan.