"Desagertuta" jarraitzen du Iñaki Olazabalen omenez egindako eskulturak

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 26a

Ezkerretik hasita, Jose Luis Gonzalez, Ana Herranz eta Guillermo Olmo, Eskuahaldunak elkarteko kideak, gaur goizean Saregile plazan egindako prentsaurrekoan. (Julene Sorarrain)

Azaroaren 22an "desagertu" zen Iñaki Olazabal eskulturgilearen omenez Saregile plazan ezarritako obra, ustez herritar batzuk "ibaira bota" eta gero. Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak gaur egindako agerraldian salatu duenez, "laguntza eskasa" jaso dute Zumaiako Udalaren aldetik, obra berreskuratzeko ahaleginetan.

Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak prentsa agerraldia egin du gaur goizean Zumaiako Saregile plazan, Iñaki Olazabal eskulturgilearen omenez jarritako obraren desagerpenaren nondik norakoak azaltzeko asmoz. Hain zuzen ere, azaroaren 22an, Iñaki Olazabal bidean erakusketa itxi baino egun bat lehenago, bere omenez egindako Zinka eskultura "desagertu" egin zen, inolako arrastorik utzi gabe. "Dirudienez, herritar batzuek uretara bota zuten", kontatu du Herranzek. Salaketa jarri ostean, Ertzaintzak Astilleroko segurtasun kameren grabazioak eskatu zizkien udaltzainei. Irudiak, ordea, ez dira "oso garbiak" eta ezin izan dute inor identifikatu.

Aurrekari gisa, aurreko hilabetean zabaldu zuten Alondegiko Oxford aretoan Iñaki Olazabal bidean izeneko erakusketa. Aurten zendu den eta azken hamarkadetan Zumaian bizi izan zen eskultorea omentzeko asmoa zuen ekimenak, eta guztira 40 artisten lanek osatu zuten mostra. Obra horien guztien artean, Jose Luis Gonzalez eta Ana Herranz artistek Zinka izeneko pieza deigarri bat eraiki zuten, Saregile plazan ezarri zena, hain zuzen, Olazabal omentzeko asmoz. Erakusketa bi astez egon zen ikusgai, hau da, azaroaren 7tik 23ra arte. 

Iñaki Olazabalen omenez sortutako 'Zinka' eskultura. (Maddi Txintxurreta)

Zumaiako Udalarekin harremanetan jarri ondoren, elkarteko kideek azaldu dute "oso erantzun eskasa" lortu dutela beraien aldetik. Gaurko agerraldian parte hartzeko aukera ere zabaldu zietela aipatu dute, baina ezezkoa jaso zuten. "Udalaren jarrera gertakari hau ezkutzatzea izan da, besterik gabe, eta babesgabetasun sentsazioa dugu beraien aldetik", gehitu dute. 

Udalarekin izandako bileraren ostean, urpekariak sartu ziren ibaira eskulturaren bila. "Egun hartan uraren egoera oso eskasa zen, izan ere, ezer ez zutela ikusten esan ziguten". Harrezkero, elkarteak ez du eskulturaren berri gehiagorik izan. 

Eskultura desagertu ondoren, gainera, kideek kartelak zabaldu zituzten herri osoan zehar, eta haien ezusterako, inork ez zekien eskulturari benetan zer gertatu zitzaion. "Dendari edota ostalari asko lotsatuta geratzen ziren gertatutakoa azaltzen genienean, eta denek beren lokaletako leku onena eskaini digute gure kartelak eskegitzeko", azaldu du Herranzek. 

Aldi berean, azpimarratu dute desagerpenaren atzean ez daudela "14 edo 15 urteko gazteak, baizik eta guraso izateko adina duten helduak", hain zuzen ere. "Ez dakigu non dagoen kulturarekiko eta artearekiko sentsibilizazioa", gehitu dute. 

Guillermo Olmo Eskuahaldunak elkarteko lehendakariak hartu du ondoren hitza. "Gertakari honen aurrean, hasieratik jarri ginen harremanetan udalarekin, kulturarekin eta herriarekin zerikusia duen gertakari bat izan dela uste dugulako, eta kasu honetan agintea hartzea beraiei dagokielako", azaldu du Olmok.

"Ezin dugu onartu horrelako artelan bat ganorarik gabe uretara bota, eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzea", salatu du. Hori ez ezik, elkarteak aurten salatu duen laugarren kasua izan da Zumaiakoa. "Arboledan, Otsagabian eta Leitzan ere antzeko gertakariak jaso dira, eta uste dugu honen guztiaren atzean dagoen profila gizon gazte batena dela". 

"Erresistentzia ikurra"

Hori horrela izanda, Iñaki Olazabal bidean erakusketan parte hartu zuten artistek gutun bat sinatu dute gertakaria gaitzesteko eta "nazkatuta" daudela aldarrikatzeko. "Uste dugu gizarteak eta instituzioek pauso bat aurrera eman behar dutela, gure sorreratik lagun izan dugun praktika artistiko hau defendatzeko eta babesteko. Guztion artean lortu behar dugu kalea topaleku izatea, non errespetua eta tolerantzia izango diren jarduera ororen ardatzak, eta eskultura hori guztia adierazteko modurik onenetako bat".  

Aldi berean, Zinka artelana berreskuratuz gero, hau konpondu eta berriz ere ikusgai jartzea proposatu dute, "jasaten dugun basakeria guztiaren aurrean erresistentzia ikurra izan dadin". Eskultura berreskuratu ezean, uste dute erakundeek erreplika bat egiteko enkargua egin beharko lieketela artistei, Zumaian bertan geratu dadin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide