Barakaldoko (Bizkaia) azken hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Zumaiako Mugimendu Feministak deituta. Matxismoak hiltzen gaitu. Aski da! idatzita zuen pankartaren atzean, makina bat herritar bildu zen Saregile plazan. 2025ean Euskal Herrian kontabilizatutako zazpigarren hilketa matxista da honakoa.
Joan den igande goizean emakume baten gorpua aurkitu zuten Barakaldoko etxebizitza batean, eta gauean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeria jasan izanaren zantzuak zituen 54 urteko andrazkoaren gorpuak, eta Eusko Jaurlaritzak ordu gutxira baieztatu zuen indarkeria matxistako kasu bat izan zela.