Balenciaga ontziolako langileek ezezkoa eman diote Abu Dhabi Ports taldearen erosketari, atzo arratsaldean egindako bileran hala adostuta. Hasierako proposamenari eutsi diete langileek erosketa formalizatzeko: lan baldintzei eustea, hiru urtean soldatak izoztuta. Operazioa gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da Langile Batzordearen oniritzia. Beraz, inbertsio taldearekin negoziaketetan jarraituko dute datozen egunetan.
Hala eta guztiz ere, prozesua beste fase batean murgildu dela azaldu du Imanol Beloki LAB sindikatuko ordezkariak: langile guztien Enplegu Erregulazioko Espedienteak (EEE) negoziatzeko bidean. "Ez dugu esan nahi negoziazioak amaitu direnik, akordiorako bidea dagoela iruditzen zaigu eta ateak irekita ditugu horretarako, baina kontua da orain arte ez dugula asmatu. Akordiorik lortu ez denez, gaur administradoreak deitu digu, azkentze prozesua hasten dugula esateko, alegia, enpresaren likidazioarena", gehitu du. "Gaur gaurkoz ez dago erraza adostasunera iristea, baina orain denbora beharko dugu, eta ea zer gertatzen den oporraldian eta horren ondoren", azaldu du Belokik.
Arabiar Emirerri Batuetako taldea 11,2 milioi euro ordaintzeko prest agertu zen ontziola berriro ere martxan jartzeko, baina zenbait baldintza jarri zituen: zazpi kaleratze, eta soldatak gutxienez %25 jaistea. Bigarren proposamen baten inguruan aritu ziren hizketan atzo langileak; soldatak %5 jaistea eta hiru urtez izoztea. Proposamen horri egin diote uko.
Balenciagako langileek joan den astean egindako agerraldian aipatu zuten ez direla haiek salerosketa eragiketa atzeratzearen erantzule, eta "ulertezina" zaiela oraindik ez gauzatu izana. Langileen oniritziaz gain, Jaurlaritzak lurrak lagatzea ere beharrezkoa da ontziola martxan jartzeko; Jaurlaritzak igandean adierazi zuen prest dagoela lurren emakida egiteko, ontzigintzarako eta ontzi konponketarako bada.