Eguzki talde ekologistak ohar bidez jakinarazi du salaketa formala aurkeztu duela Arartekoan, Zumaiako Udalak eta Ura agentziak Urola ibaiko eta
itsasadarreko hondakin-isuriei buruz izan duten isiltasun eta jardun faltagatik. Kexa izapidetzeko onartua izan da, eta Arartekoak espediente formala ireki du bi erakundeen jarduera ikertzeko Eguzkiren arabera.
Talde ekologistak jakinarazi du egoeraren berri eman zutela 2025eko maiatzean, "urtebetean erantzunik jaso gabe egon ondoren". Izan ere, Eguzkiren esanetan, "utzikeria hau" 2024ko apirilean hasi zen, Eguzkik ibaian pilatutako zabor-tonak kentzeko eskaera helarazi zuenean.
Amiantoaren aurrekaria
Talde ekologistak, gainera, gogorarazi du 2024ko apirilaren 16an amiantoz egiteko uralita kantitate handia agertu zela itsasadarrean, eta bi administrazioek urtebete lehenagotik bazekitela horien existentzia. Hondakin arriskutsuak salaketa publikoaren ostean bakarrik kendu ziren, azaldu dutenez.
Horrez gain, Ura agentziaren fiskalizazio-falta salatu dute: azaldutakoaren arabera,agentziak ibarreko gainerako udalei zaborra kentzeko exijitu zien, baina ez Zumaian, itsasadarraren zatirik kritikoenean. Eguzkiren esanetan, ibaian eta itsasadarrean hondakin ugari daude oraindik: komun bat, gurpilak, nekazaritzako plastikoak, etxeko zaborra eta gernu-botilak. "Hondakin horien artean arratoiak ere agertu dira, osasun publikoarentzako arrisku nabarmenarekin", gaineratu dute.
Eguzkik dio bi administrazioek ez dietela erantzun bost hilabetean zaborra kentzeko planari eta arriskutsuen kudeaketari eta etorkizuneko prebentzio-neurrien inguruan talde ekologistak egindako sei galderei. Hauexek dira: zer egitasmo dagoen oraindik ibaian dauden zabor-tonak kentzeko; zergatik ez ziren uralitak eta gainerako hondakinak kendu, euren presentzia ezagutzen zen arren; zergatik behar izan zen salaketa publiko bat uralitak kentzeko; zergatik ez den bete ibaiaren ingurumen-babeserako lankidetza-protokoloa; nola bermatuko den protokoloa etorkizunean beteko dela; eta zer neurri hartuko diren etorkizuneko isurketak eta kutsadura saihesteko.
Era berean, Eguzkik Zumaiako Udala behartzeko eskatu dio Arartekoari, ibaia eta itsasadarra berehala eta osorik garbitzera, eta Ura agentziari bere eskumenak betetzera. Talde ekologistaren ustez, “isiltasuna eta utzikeria ezin dira izan administrazio publikoaren erantzuna osasun eta ingurumen arazo baten aurrean”.