Euskararen Egunaren bezperan plazaratu du Imanol Azkuek bere hamalaugarren liburua. Mendez mende Zumaian euskaraz izenburupean bildu ditu 1766tik 1966ra artean Zumaiako biztanleen eguneroko bizimodua, euskarak herrian hartzen zuen lekua, garai historiko horretako gertaera desberdinak eta beste zenbait aldaketa soziologiko. Euskaltzaindiaren bidez argitaratu du liburua, eta aurkezpenean izan da Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria, Aitor Manterola Euskara zinegotziarekin, Belen Uranga Larrainako kidea eta hizkuntzalariarekin eta Imanol Azkue berarekin batera.
Komentuko azken pisuan aurkitzen den Frantziska Labaien aretoan aurkeztu dute liburua, eta Manterolak hartu du hitza lehendabizi. Udalaren izenean Azkueri eskerrak eman dizkio, eta aipatu du garai bateko euskara eta gaur egungoa batzen dituela haren lanak. Arantzazun erein ziren euskara batuaren azken kimuak, eta Manterolak esan du hargatik dela berezia Azkueren lana Komentuan aurkeztea.
Urkiak ere esker hitzak izan ditu Azkuerentzat. Gogorarazi du Euskaltzaindia aspaldidanik ari dela euskararen historia soziala aztertzen, "garrantzitsua delako oztopoek eta debekuek izan duten eragina aztertzeko". Testuinguru horretan kokatu du hark Azkueren lana, beste hainbat herritan egindako lanekin batera. Harrotasuna aipatu du Urkiak "puzzlea osatzen" ari dela ikusita. Tokian tokiko euskararen historia soziala aztertzeko metodologia baliatu du Azkuek, baina Urkiaren ustez, agerikoa da lanean idazlea historialaria ere badela. Eguneroko bizimodua "maisuki" aztertu duela uste du. Eleberri historiko baten gisan irakur daitekeela ere gaineratu du Euskaltzaindiko Gipuzkoako ordezkariak.
Iraganeko ezkutuko bizitzan
Urangak gertutik jarraitu du azken urteotan Azkueren ikerketa lana. Maiz elkartu da harekin prozesu horretan, eta Azkuek esku artean zekarrenak "inpresio handia" eragiten ziola aipatu du Urangak. Izan ere, haren hitzetan, Azkueren lana "iraganeko ezkutuko bizitzan sartzea" izan da: "XVIII. mendeko gizartea hurbildu du gaur egunera, salto magikoa izan da".
Hizkuntzaren bilakaeran Espainiako estatuak zer eragin izan duen agerian uzten du Urangaren ustez Azkueren lanak, baina baita bestelako kontu bat ere: urtez urte, nola egin dion aurrea Zumaiak indar horri. Horrez gain, aipatu du irakurtzerakoan ohartuko dela irakurlea egia dela maiz aipatzen den uste bat: hizkuntza bat ez dela komunikatzeko kanal hutsa. Hala, gaur egungo egoera ulertzeko tresnak ematen ditu liburuak Urangaren esanetan.
2018an hasitako ziklo baten amaiera itxi da gaur Azkuerentzat. Hala aipatu du aurkezpenean. 2020ko urtarrilean entregatu zuen Zumaiako Udalaren bekaren bidez egindako azterlana, eta ordutik "material horrekin bueltaka" ibili dela aitortu du. Euskaltzaindiak "errespetua" ematen zion arren, aukera sortu zitzaion gero azterlanaren emaitza liburu batean biltzeko.
Jatorrizko iturriak –lehen mailakoak, artxiboetan topatutakoak– eta bigarren mailakoak –aurretik egindako lanak– erabili ditu Azkuek lana osatzeko. Batik bat, haren lana bilaketan aritzea izan dela aipatu du, euskaldun izaten jarraitzeko arrazoien bilaketa.
Turismo Bulegoan salgai
Zenbait ondorio zerrendatu ditu aurkezpenean: garai batean euskara ia hizkuntza bakarra zela Zumaian, eta dokumentu ofizialetan erabiltzen zutela gaztelania. Euskaldunak elebidun egin zirela gero, eta gaztelania hedatu egin zela. Euskal pizkundearen ondoren gerra eta debekua etorri zirela aipatu du, eta apropos isilarazi zutela euskara. Urkiak aipatu bezala, beste zenbait tokitan ere egin dira halako azterlanak. Baina Zumaiak baditu bere berezitasunak, Azkueren arabera. Haren hitzetan, Zumaian egon da eta badago "aurrera egiteko nahia eta gogoa".
Liburuaren idazte prozesuan "gorabeherak eta zenbait krisialdi" igaro dituen arren, "hori guztia ahaztu" egin zaiola aitortu du Azkuek emaitza ikusteko ordua heldu denean. Gaurtik, salgai da Mendez mende Zumaian euskaraz, baita herrian ere. Turismo Bulegoan eskura daiteke.