Balenciaga ontziolaren salerosketa gauza dezakete ostiralean

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 26a

Balenciaga ontziola.

Hartzekodunen lehiaketaren administratzaileak ostiralean egingo du salerosketa gauzatu aurreko pausoa, berri agentzien arabera. Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak erakutsi du ontziola 11,2 milioi euroren trukean erosteko interesa. CCOOko langileen ordezkariek Gukari esan diotenez, administrazioaren baimenak eta langileen onespena behar ditu enpresak erosketa gauzatzeko.

Badirudi Zumaiako Balenciaga ontziolako lan gatazka bukaerara irits daitekeela. Hasiera batean esandako data baino dezentez beranduago izanagatik, hartzekodunen lehiaketaren administratzaileak ostiralean zabalduko du salerosketa gauzatu ahal izateko protokoloa. Izapide kontu bat besterik ez da ostiralean egingo dutena, baina izan daiteke salerosketarako lehen pausoa ere. Hala jakinarazi du EFE berri agentziak.

Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak agertu du ontziola 11,2 milioi euroren trukean erosteko interesa, eta ostiralean egingo dutena salerosketa gauzatu aurreko urratsa da. Dena den, oraindik ez dute jakinarazi salerosketa sinatzeko data zehatzik, ezta sinatuko al duten ere.

Langileen Batzordeko CCOOren ordezkariek esan dutenez, "oraintsu" jakin dute ostiraleko hitzorduaren berri. Horiek ontziola aurrera atera nahi dutela nabarmendu dute, baina ez dutela proposamenik jaso jakinarazi ere bai. Harridura puntu bat ere badute langileek ordezkari horiek; izan ere, haiek esan dutenez, salerosketa gauzatzeko bi baldintza bete behar ditu enpresak: "Batetik, Eusko Jaurlaritzaren emakidak behar ditu; eta bestetik, Langileen Batzordearen onespena". LABeko ordezkariekin ere jarri da harremanetan Guka, eta horiek ere ez dutela salerosketaren berririk adierazi dute.

Irailaren 12an iragarri zuten Donostiako Lan Arloko Epaitegiak ontzat eman zuela Safeen Drydock taldeak ontziola erosteko egindako proposamena. Egun hartan bertan elkartu zen hartzekodunen lehiaketa gidatu duen administratzailea ontziolako beharginekin, eta esan zien ontziolaren salerosketa iraila amaitu baino lehen sinatuko zutela. Ez da bete, baina, hark esandakoa; bi hilabetetik gora pasatu dira ordutik. Langileek orduan Gukari adierazi ziotenez, "zuhurtziaz" hartu zuten berria, kontratua sinatu arte ez zirela lasai egongo eta.

Gukak jakin ahal izan duenez, irailaren hondarrerako salerosketa gauzatzeko konpromisoa hartu zuen Safeen Drydock taldeak, eta azaroaren 30era arteko epea jarri zuen hitza betetzeko; igandean beteko da epe hori. Ikusteko dagoena da ostiralean egindako formalismoaren ondotik etorriko al den salerosketa eta epe horren barruan gauzatuko al den.

Lan gatazka gora-beheratsua

Balenciaga ontziolan 2024aren bukaeraz geroztik izan da martxan hartzekodunen lehiaketa. Gatazka hasi zenean, hartzekodunen lehiaketa saihesteko berregituraketa plana onartu zuen epaitegiak, baina enpresaren hartzekodun nagusia den Cofides funts publiko-pribatuak ontziolaren plan hari ezezkoa eman zion.

Ondorioz, Donostiako Lan Arloko Epaitegiak lehiaketara jotzea erabaki zuen, PFK Attest Servicios Empresariales enpresa administratzaile izendatuta. Horren aurrean, beharginek lan mahaia eratu eta mobilizazioak hasi zituzten. Halaber, jarduera etenda, langileei aldi baterako Lana Erregulatzeko Txostena (LET) aplikatu zieten iazko urtearen amaieran, eta hori ere luzatzen joan dira, prozesuak aurrera egin ahala.

Salerosketa gauzatzen bada, lan gatazka bertan behera geratuko da. Izan ere, Donostiako Lan Arloko epaitegiaren arabera, Safeen Drydocken eskaintza egokia da, hartzekodunen zorra kitatuko duelako, enpresaren jarduerarekin segituko duelako eta 71 lanpostuei eutsiko dielako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide