38. Julene Azpeitia literatur lehiaketako sari banaketa ekitaldia burutu zuten atzo arratsaldean. Eguraldia kaskarra zen kanpoan: euria goian behean ari zuen, eta tenperatura baxuek barruan babesteko gonbita egiten zuten. Dozenaka lagun bildu ziren Oxford aretoan, tartean, noski, aurtengo sariketako irabazleak: Karmele Mitxelena, Jon Abril eta Aitor Salegi, hain zuzen ere.
Orotara, 54 lan aurkeztu dituzte aurtengo sariketara –horietatik bost zumaiarrak–, eta epaimahaia hilaren hasieran elkartu zen proiektuak aztertu eta irabazleak hautatzeko: Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño izan dira aurten erabaki hori hartu dutenak. Sariak banatzeaz, berriz, Iñaki Ostolaza alkatea, eta Aitor Manterola eta Ainhoa Illarramendi zinegotziak arduratu ziren.
Hala, Karmele Mitxelenak jaso zuen lehen saria, Armiarma sarea izeneko ipuinarengatik. Bigarren saria, berriz, Jon Abrilentzat izan zen. Maximinaren txurroak izeneko lana aurkeztu zuen berak, nafarreraz idatzitako ipuina. Hirugarren saria, zumaiar onenaren saria, Aitor Salegik jaso zuen, Parentesiak eta pareen tesiak ipuinarekin.
Julene Azpeitia literatur lehiaketaren 25. urteurrena bete zenean, edizio guztietan saritutako ipuinak digitalizatu zituen Zumaiako Udalak, eta gauza bera egin du aurtengo hiru irabazleekin ere. Hala, interesa duen orok urte guztietako lanak irakur ditzake zumaia.eus atari digitalean. Halaber, udalak jakinarazi du azken edizioko irabazleen lanak jasotzen dituen liburuxka eskuragarri dagoela jada; Alondegian eta udaletxean jaso ditzakete herritarrek.
Sari banaketa amaitzearekin batera, Esne-berriketan bertso-saio literarioa eskaini zuten Uxue Alberdik eta Amorante musikariak, Oihana Iguaran eta Maddi Ane Txoperena bertsolariekin.
Aitor Salegi: "Amaierara heldu behar da hasierako zenbait kontu ulertzeko"

Zumaian bizi den Aitor Salegik (Zestoa, 1993) jaso du literatur lehiaketara aurkeztutako herritar onenaren saria. Hain zuzen ere, Parentesiak eta pareen tesiak ipuina tarteko jaso du aitortza. Harekin hitz egin du Gukak.
Zumaiar onenaren saria irabazi duzu santelmoetan girotutako ipuin batekin. Oinarri aproposa epaimahaia konkistatzeko, ezta?
Zestoarra naiz izatez, eta bikotea dut zumaiarra. Gertutik ezagutzen ditut San Telmo jaiak, eta pentsatu nuen giro aproposa izan zitekeela zumaiarrei kontatu nahi niena kontatzeko.
Hala eta guztiz ere, Parentesiak eta pareen tesiak izenburudun ipuinak jorratzen duen gaia beste bat da.
Bikote harremanei lotuta dago istorioa, zehazki. Nire bikoteak eta nik gau batean izandako elkarrizketa batetik otu zitzaidan ideia. Guraso izan gara oraintsu, eta sentitzen genuen batzuetan egun osoa batera egonda ere, ez ginela elkarrekin egoten. Hurrengo goizean bertan hasi nintzen ideia horri tiraka, idazten. 40 urte inguru dituen gizonezko bat da protagonista, eta istorioa euskara batuan idatzita badago ere, elkarrizketak zumaiarrez eginak dira.
Amaiera ematen jakin izana aipatu du epaimahaiak zure lana saritzerakoan. Zein berezitasun du itxierak?
Euskal Ikasketetan graduatua naiz, eta gogoan dut garai hartan irakasle batek beti esaten zigula ipuin batek bi istorio dituela barnean: bata, lehen irakurraldian egiten dena da, eta, bestea, istorio horrek atzean duen mezua. Jolas moduko bat egin nahi izan dut orrialdeetan barrena, eta mezu bat eman irakurleari, hasiera batean oso agerikoa ez zena. Nolabait esateko, amaierara heldu behar du irakurleak hasierako zenbait kontu ulertzeko.