Karmele Mitxelena, Jon Abril eta Aitor Salegi saritu dituzte Julene Azpeitia literatur lehiaketan

Maria Maya Manterola 2025eko azaroaren 17a

Argazkia: Oarsoaldeko Hitza.

Aurtengo edizioan 54 lan aurkeztu dira, horietatik bost zumaiarrek idatzitakoak. Datorren astean izango da sari banaketa ekitaldia, hilaren 24an, eta Esne-berriketan bertso-saio literarioaz gozatu ahal izango da sariak banatu ondoren.

Azaroaren hasieran bildu zen epaimahaia, eta dagoeneko eman dute erabakiaren berri: Karmele Mitxelena, Jon Abril eta Aitor Salegi dira 38. Julene Azpeitia literatur lehiaketako saridunak. Aurten 54 lan aurkeztu dira, horietatik bost, zumaiarrek sortutakoak, eta Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatutako epaimahaiak ebatzi du horietatik zeintzuk izango diren aurtengo lan sarituak. 

Karmele Mitxelenari eman diote lehen saria, Armiarma sarea ipuinarengatik. Lehen ere saritua izan da Mitxelena Zumaiako literatur lehiaketan, eta beste hainbat sari ere irabazi ditu, esaterako, 2025eko Euskadi Literatura Sarietako bat. Epaimahaiaren hitzetan, iradokitzailea da aurkeztutako lana: "Gaurkotasun handiko gaia lantzen du, tratu txarrak, eta oso ondo islatzen du protagonistaren egoera, ezkutukoa eta bakardade handikoa. Isiltasun latente bat dago ipuinean oihartzun handia egiten duena". 

Maximinaren txurroak lanarekin eskuratu du bigarren saria Jon Abrilek. Nafarreraz idatziriko ipuina da Abrilek aurkeztutakoa, eta pertsonaiaren deskribapena nabarmendu du epaimahaiak, "xehetasun handiz eta ondo eraikia" dagoelako. "Umore puntu bat ere badu lanak eta irakurlea harrapatu egiten du", gaineratu dute. 

Zumaiar onenaren saria, berriz, Aitor Salegiri eman diote. Parentesiak eta pareen tesiak ipuina aurkeztu du hark lehiaketara. Santelmoetan dago girotuta kontakizuna, eta epaimahaiaren arabera, "oso ondo" deskribatzen du jai giroa, zumaiarrez egindako elkarrizketek ematen dioten freskotasunari eta idazkeraren erritmo biziari esker. Amaiera ematen jakin izana ere nabarmendu du epaimahaiak.

Sari banaketa, hilaren 24an

Alondegia Kultur Etxeko Oxford aretoan egingo dute sari banaketa ekitaldia, azaroaren 24an. Ondoren, Esne-berriketan bertso-saio literarioa eskainiko dute Uxue Alberdik eta Amorante musikariak, Oihana Iguaran eta Maddi Ane Txoperena bertsolarien laguntzarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide